Bihotzetik ahora
Euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu gura du Euskaraldiak. 2018ko azaroaren 23an abiatuko da ekimenaHerritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuz jaio da Eusk...
Euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu gura du Euskaraldiak. 2018ko azaroaren 23an abiatuko da ekimena
Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuz jaio da Euskaraldia. Euskarak 365 egun lan ildoaren barruan kokatzen den ekimena da, eta hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua. Euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi da. Hala, euskara bihotzetatik ahoetara mugitu gura dute.Euskaraldiaren sustatzaile diren 27 entitate eta erakundeetako ordezkariek Bilbon aurkeztu zuten ekimena azaroaren 23an. Egun hori aukeratu zuten, urtebete barru, egun horretan bertan abiatuko baita Euskal Herri osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimena; 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hain zuzen ere.
Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimenaren protagonista, eta, 11 egunetan, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, «inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz».
16 urtetik gorakoek
Hamaika egun horietan, hortaz, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dituzte ekimenaren sustatzaileek. Ahobiziek lehen hitza euskaraz egingo dute beti, eta ahal den guztietan euskaraz ariko dira. Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak izango dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko dietenak.
Antolaketan, auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak ariko dira, eta baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere.
Bermeon, esaterako, Euskaraldia euskarak 365 egun ekimena martxan jartzeko dei zabala egin gura dute. Lehenengo pausoa ematera doaz, eta horretarako, Kike Amonarrizen hitzaldia antolatu dute; abenduaren 14an izango da, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan. Lehenik, baina, hitzaldi horretara joateko deia egin gura dute, eta deialdi horretan, udal ordezkariez gain, Bermeoko bizitza sozialean ezagunak diren eta euskaraz bizitzea aukeratu duten hainbat herritarrek parte hartzea gura dute. Horretarako, astelehenean batuko dira prentsaurreko batean.
Ondarroako Udalak ere Euskaraldian parte hartzeko asmoa agertu du. Hala, domekan egingo dute aurkezpena, Euskararen Eguneko danborrada amaitu ostean; abiapuntua izango dela esan dute.
Markina-Xemein, Etxebarria eta Munitibarko udalek ere Euskaraldiagaz bat egingo dute, nahiz eta oraindik zehaztu barik dauzkaten egingo dituzten ekintzak. Euskararen arnasgune izanik, euskararen ezagutza maila altua da hiru herrietan, hala ere, erabileran zer landu badagoela dio Urtzi Uriarte euskara teknikariak, beraz, ekimenak horretara bideratuko dituztela esan du.
Mutrikuko Udalak ere, euskalgintzarekin antolatu, eta Euskaraldiagaz bat egiteko asmoa agertu du.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko beste herri askotan, aurrerago landuko dute gaia, eta orduan erabakiko dute parte hartuko duten edo ez.
Izena eman behar da
Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan edukiko dute izena emateko aukera, eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian.
Herritarrek, ostera, 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia, 11 egun euskaraz dinamikan izena emateko aukera. Irailean zabalduko dute izena emateko epea, eta Ahobizi zein Bela- rriprest modura parte hartu ahal izango da.
Izena ematen duten herritarrek identifikazio txapak edukiko dituzte.