Eskola publikoetako irakasle askok gaurko grebagaz bat egingo dute
Eskola guztietan bermatuta egongo dira gutxieneko zerbitzuak. Abenduaren 12an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko sindikatu nagusiek greba egingo duteELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, mobilizazio asteak egiten ari dira sektorek...
Eskola guztietan bermatuta egongo dira gutxieneko zerbitzuak. Abenduaren 12an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko sindikatu nagusiek greba egingo dute
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, mobilizazio asteak egiten ari dira sektoreka hilabetea hasi zenetik. Aste honetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen txanda da. Hala, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko eskola publikoetako langile askok eta askok bat egingo dute gaurko grebagaz.Astean ikastetxeetan hainbat ekimen egin eta egingo dituztela azaldu dute sindikatuetako ordezkariek: ikastetxeak aldarrikapenez bete, eskakizunak kalera atera jendarteagaz elkarbanatzeko, kalejirak eta elkarretaratzeak, besteak beste.
Gaurkoan, baina, greba eguna dute, eta Bilbon, Gasteizen eta Donostian manifestazioak egingo dituzte.
Lea-Artibain, esate baterako, Munitibarko, Ispasterko, Berriatuko eta Aulestiko eskoletan irakasle denek bat egin dute greba deialdiagaz, Lekeitioko Eskola Publikoan %99ak, Markina-Xemeingo Bekobenta Eskola Publikoan irakasleen %92,2ak, Markina BHIko irakasleetako batzuk eta Ondarroako Zaldupe eskolan eta Ondarroako BHIn irakasle gehienek bat egingo dute grebagaz. Mutrikun, berriz, Goizeko Izarran, irakasle gehienek greba egitea erabaki dute.
Busturialdean, aldiz, Busturiko JM Uzelai ikastetxean irakasleen gehiengoak egingo du greba (%90,4), Muxikako Urretxindorra eskolan irakasleen %50ak, Gernika-Lumoko institutuan %72ak, Barrutia ikastetxean, %52ak, Barrutialden %80ak, Allende Salazar ikastetxean %70 inguruk eta Bermeoko San Frantzisko ikastetxean %30 inguruk.
Gutxieneko zerbitzuak, hala eta guztiz ere, bermatuta egongo dira eskola guztietan.
Orain arte, Haur Hezkuntzako irakasleek eta langileek, garbitzaileek eta sukaldeko langileek egin dituzte mobilizazioak.
Buelta eman
Sindikatuen ustez, «ezinbestekoa» da Eusko Jaurlaritza azken urteetan «inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea». Hala, horrek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan «sufritzen ari diren egoerari buelta eman» behar zaiola uste dute. Diotenez, orain arte Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio asmorik agertu. Horregatik, ikasturte honetan ere, «mobilizazio dinamika mantentzea» beste biderik ez dute ikusten.
Gaurko grebagaz gain, abenduaren 12an, beste sektore guztiekin batera grebara joango dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko bost sindikatu nagusiek greba egingo dute.