Errumaniaren Eguna ospatuko dute barikuan Gernika-Lumon

Euskal Herriko beste hainbat herritan egingo duten legez, Gernika-Lumon ere, Errumaniaren Eguna ospatuko dute, Herri langile eta alaia lelopean. Marian Popescu Errumaniaren Bilboko Kontsul Nagusiak eta Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok egingo dute aurkezpena, 18:00etan Elai-Alai aretoan. Egun horregaz, errumaniar herria euskal gizartera gerturatzea bilatzen dute, herrialde horren presentzia maila kulturalean eta herritarren parte hartzean ere ikustarazteko. Hitzaldi bi emango dituzte egun horretan: batetik, Marian Otxoa de Eribe itzultzaileak Literatura rumana en español berbaldia eskainiko du, eta, bestetik, Liviana Bucuresteanu irakaslea Familias plurilingues y el programa de aprendizaje de la lengua y cultura rumana en Gernika izenburupean ariko da hizketan. Horien aurkezpena Jose Antonio Uriarte Itxaso-k egingo du, eta errumaniar klaseetako ikasleen zein Millenium taldekoen musikak girotuko du momentua. Gainera, Miorita taldeak dantza ere egingo du. IMG_0899 Halaber, astelehenaz geroztik jarrita dagoen erakusketa bat ere bisitatu ahalko dute bertaratutakoek: El Bucarest sefardi. 500 años de historia contados en 100 imagenes. Madrilgo Errumaniar Kulturaren Institutuak antolatutako erakusketa hori abenduaren 7a bitarte bisitatu ahalko da, Elai-Alai aretoan bertan. Bertaratzen direnek, gainera, jakien dastaketaz gozatzeko aukera ere izango dutela aurreratu dute.