'Obabakoak' obra, gaurtik aurrera berriro ere Arriaga antzokian
Urrian euskarazko saioak eskaini eta gero, gaurtik aurrera gaztelaniaz ikusi ahalko da. Sei saio eskainiko dituzte Arriagan, eta horietako bat taldeei zuzenduta egongo daUrrian Bilboko Arriaga antzokian euskaraz estreinatu eta gero, gaurtik aurrera ber...
Urrian euskarazko saioak eskaini eta gero, gaurtik aurrera gaztelaniaz ikusi ahalko da. Sei saio eskainiko dituzte Arriagan, eta horietako bat taldeei zuzenduta egongo da
Urrian Bilboko Arriaga antzokian euskaraz estreinatu eta gero, gaurtik aurrera berriro ere Obabakoak Arriagan ikusteko aukera edukiko dute herritarrek. Oraingoan, baina, gaztelaniazko bertsioa eskainiko dute. Sarrerak salgai daude Arriagaren webgunean. Gaur, bihar, etzi eta abenduaren 2an 20:00etan eskainiko dituzte saioak, eta, domekan, 19:00etan. Hilaren 28an taldeei zuzendutako saioa eskainiko dute, 11:00etan.«Arriagan euskaraz estreinatu eta gero, Bartzelonara joan ginen, eta handik Gasteizeko antzerki jaialdira salto egin genuen», azaldu du Ainhoa Etxebarria aktore ondarrutarrak. Bartzelonan ere euskaraz antzeztu zutela esan du Etxebarriak. «Azpitituluak katalanez zeuden. Dena dela, Bartzelonan ikusi zuten batzuek esan ziguten momentu batean azpitituluak irakurri ere ez zituztela egiten, eta aktoreok transmititzen genuenagaz geratzen zirela».
Ondarrutarraren berbetan, ikuslegoa ohituta dago Shakespeareren testu bat gaztelaniaz entzutera, ez, ostera, euskara jasoan idatzita dagoen testu bat entzutera. «Dena dela, aktoreok agertokian erakusten dugun indarra bai nabaritu dute».
Oro har, ondarrutarra oso gustura dago Obabakoak antzezten. Eta Arriagan egon eta gero, Donostiako Victoria Eugenian ariko direla gaineratu du. «Zenbat eta saio gehiago eskaini, orduan eta gehiago gozatzen dugu. Izan ere, obrari eskua hartu eta gero, antzezten dugun lekuagaz gozatzen hasten zara».
Obabakoak obragaz amaitu eta gero, Etxebarriak Tres mujeres obra ere estreinatuko du urtarrilean Arriagan, Ylenia Bagliettogaz batera.