Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko eskatu du Euskal Herrian Euskarazek (EHE), beste behin ere. Agerraldia egin dute asteon,
euskararentzat lege babes egokia exijitzeko.
Euskal Herriak hizkuntza politika egokia behar duela uste du talde euskaltzaleak, baita hori bermatuko duen
baliabide instituzional egokiak ere. Hala,
Euskaraz bizitzeari ateak ireki! Lege babes egokia euskararentzat lemapean,
elkarretaratzea egingo dute
bihar Gernika-Lumon.
Merkurio iturriaren aurrean batuko dira,
19:30ean.
Euskara lehentasun izango duen hizkuntza politika egokia aldarrikatu du EHEk, gaur egun indarrean dagoen legeak 35 urte bete dituela gogoratuz. Indarrean dauden marko juridikoak eta legedia goitik behera aldatu behar direla uste du EHEk: «Lege babes egokia behar dugu euskaraz normaltasunez bizi ahal izaeko eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko». Talde euskaltzalearen iritziz, «hizkuntza eskubideen ikuspegitik gure egunerokotasuna egun arautzen duten konstituzio, estatutu eta legeen balantzea negatiboa izan da». Araudi horiek, EHEren esanetan, eukararen lurraldea zatikatzeko, euskara mendeko egoeran kateatzeko, euskaldunon eskubideak urratzeko eta euskararen berreskurapena eta normalizazioa ahalik eta gehien oztopatzeko helburuarekin sortu ziren. «Araudiok ez diete erantzuten euskarak bizi duen egoerari, ezta euskaldunon borondateari ere», esan dute.
Beraz, aldaketa horiek eragiteko asmoz, herritar eta gizarte eragileei dei berezia egin die EHEk, herriz herri berreuskalduntzearen aldeko dinamikak biderkatzeko.
Neurri eraginkorrak
Aldaketak posible egingo duten euskararen espazioak berreskuratzeko eskatu du EHEk; euskaraz bizitzeko, hain zuzen ere.
Instituzioei, bestalde, neurri eraginkorrak eskatu die: besteak beste, hizkuntza politika egokia eta burujabea, euskara zehar-lerrotzat hartzea, Plan Estrategiko Orokorra adostea eta indarrean jartzea, baliabide instituzional nahikoak eskaintzea, administrazioa euskalduntzea, arnas-guneen babesa, ezagutza orokortzeko neurriak hartzea eta, batez ere, euskarari estatus juridiko egokia onartzea.