Atzoko parte hartze tailerrean eman zuten kokagunearen berri. Aukera ezberdinak aztertu dituztela azaldu zuten atzo Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek eta udal arkitekto Goio Allikak. Allikak azaldu zuenez, Artike enparantza (Estrella) edota Erreteneko jolasguneak estaltzea aztertu izan dute: “Erretenen gaur egun dagoen jolasgunea egoera txarrean dago eta ez dago handitzeko aukerarik, inguruan zuhaitzak daudelako”.
Umeak eta nagusiak parte hartze tailerrean ateratako ideiak partekatzen
Horregatik, jolasgune estalia jartzeko Erreten aukeratu badute ere, parkearen beste alde batean jarriko dute, “ez dago korronterik, beste aldean moduan, ez da oso eguzkitsua eta aurrekontura egokitutako azalera dauka, beste gauza batzuen artean”.
Jolasgune estalirako kokagunea udalak aukeratu badu ere, atzo, proiektuak asetu behar dituen beharrizanak aztertu zituzten herritarrekin. Parte hartze tailerra egin zuten Gizarte eta Kultura Etxean, eta nagusiez gain, umeek ere parte hartzeko aukera eduki zuten. Bertan, euren ustez, jolasguneak eduki behar dituen ezaugarriak azaldu zituzten.
Parte hartze tailerrean parte hartu zuten nagusiek argi zeukaten korronte gabeko lekua izan behar dela, bai eta siku egoteko leku bat ere. Estalkiari buruz ere aritu ziren, eta nagusiek egurraren erabilera proposatu zuten. Umeek, berriz, argia sartzen uzten duen estalki baten alde egin zuten, “zein eguraldi egiten duen ikusi ahal izateko”.
Iraunkortasuna kontuan hartzea ere ondo legokeela uste zuten, “material iraunkorrak erabilita edota eguzki panelak jarrita”.
Bankuen beharra ere nabarmendu zuten tailerrean parte hartu zuten nagusiek, “barrura begira jarrita, eta agian, banku jarraitua izatea, hau da, perimetro osoa hartuta”.
Ume eta nagusi gehienek uste dute guneak zabuak edukitzeaz gain, gune ireki bat ere eduki beharko lukeela; “pilotagaz edota patineteagaz jolasteko”, zioten umeek. Zabu motei buruz ere eztabaidatu zen. Umeek zirkuituak egiteko moduko zabuak gura dituzte: saltoka ibiltzeko, eskalatzeko aukera ematen dutenak, mugitzen diren eskailerak… Nagusiek, sormena lantzeko zabuak edota didaktikoak eskatzen dituzte, “tematikoak ere izan daitezke”. Era berean, aniztasun funtzionala daukaten umeei zuzendutako zaburen bat jartzea ere eskatu zuten.
Gaur egun Erretenen dauden zabuak mantentzea ondo legokeela esan zuten tailerrera bertaratutako batzuek, “osagarri modura”.
Parte hartze tailerrean parte hartu zuten nagusi eta umeen ideia guztiak jasota, orain, arkitektoek oinarrizko aurreproiektu bat egingo dute jendaurrean erakusteko. Erakusketa abenduan egingo dute. Ondoren, herritarrek iritziak emateko aukera edukiko dute berriro, behin betiko proiektua egin aurretik.