Aldundiak Busturialdeko arreta integralerako bulego bana ezarriko du Bermeon eta Gernikan
Iazko azaroan Durangon egin bezala, 2018ko udaberritik aurrera, Bermeon eta Gernikan ere eskualdeko arreta integralerako bulegoak jartzeko asmoa daukala aurreratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horien bitartez, “arreta osatuagoa eta zuzenagoa” eskaini nahi du foru erakundeak; izan ere, bere ustez, ezaugarri sozial eta geografikoak kontuan hartuta, “funtsezkoa” du Busturialdeak bulego bi horiek izatea.
Gernika-Lumoko bulegoa 2017rako prest izatea aurreikusi bazuten ere, Bermeokoa izango da lehenengo jarriko dutena, eta azken hori martxan dagoenean jarriko dute Gernikakoa; izan ere, azken horretan badaude bi foru bulego; Ogasun Sailekoa bata, eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko Nekazaritza Zuzendaritzari lotutakoa bestea.
Aldundiak azaldu duenez, Bermeok dituen ezaugarriak “erabakigarriak” izan dira udalerri horretan abiaraziko den esperientzia pilotua hasteko. Batetik, ez Bermeon ez inguruko herrietan ez dago foru bulegorik; gainera, okupatutako biztanleriaren mugikortasun-tasa baxua da (%50ekoa), eta 65 urte baino gehiagoko biztanleen tasa nahiko altua da (%22). Gauzak horrela, eta bulegoko espazioa egokituta dagoenean eta bertan izango diren langileen prestakuntza bukatzen denean jarriko dute martxan Bermeoko bulegoa.
Hala, 2018. urtean, eta modu progresiboan, jarri nahi ditu martxan aldundiak 46.000 bat herritarreri arreta emango dieten bi bulegoak. Horietan, hamaika izapide egiteko aukera izango dute herritar, elkarte, erakunde zein enpresek. Durangon jarritako lehen bulego integralak, esaterako, Ogasuna eta Finantzak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako sailei lotutako 150 izapide egiteko aukera ematen du.
Durangon lehen bulegoa. Urtebetean, Durangon 50.000 izapide inguru gauzatu direla jakinarazi du aldundiak; horietariko %40 izapide espezializatuak eta gainontzekoak izapide orokorrekoak izan direlarik. Gainera, horien artean eskari gehien izan dituztenak zerga zerbitzuak izan direla azpimarratu du; “gainerako izapideei dagokienez, ohikoenak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta beste administrazio publiko batzuen sailetarako agirien erregistroa, AP-8 autobideko erabiltzaileen diru laguntzak, prestazio sozialetako ziurtagirien ematea, mendekotasun eta desgaitasunari buruzko kontsultak eta izapideak eta familia ugariaren tituluaren ematea izan dira”.
Durangon martxan jarritako proba pilotu horregaz, hortaz, pozik da aldundia, eta “positibotzat jo” du haren ibilbidea. Dena den, eta aurrera begirako bulego bi horietarako baliogarria izango delakoan, hobetu beharreko arloak aztertzen ari da aldundia.