Iaz jaiotako umeen liburua aurkezteko jaia egingo dute domekan
Datorren domekan, 2016an jaiotakoen liburua banatzeko jaialdia egingo dute Bermeon. 12:00etan hasiko da jaialdia, Bermeoko Kafe Antzokian.
Modu horretan, 2016an Bermeon jaio ziren 153 umeek eta euren familiek, bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere edukiko dute. Bermeoko alkatea Idurre Bidegurenen eta Euskara zinegotzi Juan Karlos Agirreren eskutik jasoko dute gurasoek liburua.
Liburu horretan ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia jasotzen dute. Bertsoaren azpian, gainera, bertsolarien izena aipatzen dute eta bertsoa kantatzeko doinua ere.
2016ko jaioberrien liburuaren aurkezpenera bertaratzen direnek, gainera, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizunagaz ondo pasatzeko aukera edukiko dute. Hala, urtero legez, gurasoak, umeak eta familiak izango dira domekako jaiaren protagonistak; horregatik, eurentzat “goiz pasa polita” prestatu dutela esan du Agirrek.
Amaitzeko, bertaratutako guztiek familia argazkia aterako dute.