Bermeon hasi dira Googaz Boloak izeneko ideia lehiaketa egiten
. Hamar gazte batu ziren zapatuan, eta bi taldetan egin zuten lan.
DesBer taldearen ideia nagusitu zen, eta
1.000 euroko saria jaso zuen, ideia martxan jartzeko. Urdaibaiko gazteria eta turismoa uztartzen dituen ideia bat aurkeztu zuten lehiaketara.
Talde irabazlea sariagaz. Argazkia: Bermeoko Udala
Lehenik eta behin, herrian dauden arazoak eta erronkak aztertu zituzten. Parte hartzaileen ikuspuntuak jasotzeaz gain, kalera atera ziren herritarren kexkak zeintzuk ziren jakin asmoz. Hori eginda, Googaz ekimenaren ordezkari Irati Arrienen arabera, «bazekiten zein zen konpondu gura zuten arazoa edo erronka».
Ondoren, lehiaketa estiloko
brainstorming-a egiten hasi ziren: «Ideiak botatzen hasi ziren arazoari irtenbidea emateko». Hainbat ideia sortu ziren arren, «horietako batzuk nahastuta, ideia bakarra aukeratu zuten».
Talde irabazle DesBerrek bi arazo identifikatu zituen.
Bata, turismoa zen. Turismorako prest ez dagoen herria dela uste dute taldekideek. Turismoagaz lotuta, bestalde, «Urdaibairi ez zaiola daukan beste garrantziarik ematen» esan zuten. DesBer taldearen arabera,
bigarren arazoa gazteen konformismoa da.
Harrera turistei. Identifikatu zituzten
bi arazo horiek bat egin eta lehiaketarako ideia sortu zuten. «Lehenengo eta behin,
Urdaibain gazteen sare bat sortu gura dute, eta sare horretakoak izango dira turistei harrera egin eta Urdaibai erakutsiko dietenak. Ideia, horrenbestez, webgune bat sortzea litzateke, turistek gazte lokalekin harremanetan jarri ahal izateko», esan du Arrienek.
Gerora, berriz, Urdaibai marka sustatzea proposatzen dute, «garrantzia emateko».
Ideia irabazlea «ahalik-eta arinen» martxan jartzeko asmoa dagoela diote: «Asteon batuko gara, hurrengo pausoak zeintzuk izango diren zehazteko». Arrienen arabera, gazteak «oso motibatuta» zeuden.
Goorejazz izeneko taldeak, berriz, arrantzaren mundua eta horren inguruan sortutako enpresa handiak identifikatu zituen. «Uste zuten herritarrak edota gazteak ez direla jakitun herrian dagoenagaz, eta hortik aukerak sor daitezkeela zioten. Herrian dagoena eta sortu ahal dena ikusaraztea garrantzitsua dela uste dute. Hortaz, arrantzaren inguruan dauden enpresak aztertzea proposatu zuten, eta horiekin erakusketa bat egitea. Hortik aurrera gazteak motibatu gura zituzten, enpresa berriak sortzen hasteko», azaldu du.
Arrienen arabera, «oso ondo» joan zen eguna, eta balorazio «oso positiboa» egin dute.
Googaz gazteek gazteentzako sortutako ekimena da, Bizkaian gazteei proiektu berriak sortzen laguntzea du helburu nagusi.