Plaza bete jende, herriko seme kutuna omentzeko
Hileta elizkizunaren ostean, dantza, bertso eta kanta artean jaso zuen Julen Kaltzada busturiarrak maite zutenen zein bera ezagutu eta miresten zuen jendearen omenaldia. Ekitaldi hunkigarria izan zen.Adar hotsen soinuekin hasi zen zapatu arratsaldean B...
Hileta elizkizunaren ostean, dantza, bertso eta kanta artean jaso zuen Julen Kaltzada busturiarrak maite zutenen zein bera ezagutu eta miresten zuen jendearen omenaldia. Ekitaldi hunkigarria izan zen.
Adar hotsen soinuekin hasi zen zapatu arratsaldean Busturiko Axpe auzoan Julen Kaltzadari egindako omenaldia. Aurretik, Andra Mari Elizan egin zuten haren hileta elizkizuna.Dantza, bertso eta kanta artean jaso zuen busturiarrak maite zutenen zein bera ezagutu eta miresten zuen jendearen omenaldi beroa. Juan Mari Areitioren, Arkaitz Estiballesen eta Fredi Paiaren bertsoetan eta Edorta Jimenezen errezitaldian haren bizipenak laburbildu, eta bere nortasuna goraipatu zuten.
Ekitaldi hunkigarria izan zen, eta Kaltzadak berak gurako lukeen moduan, bertaratutakoak abesten jarri zituzten Doro Zobaranen eta haren alaba Andere eta Malenen doinuek. Euskal Herrian Euskaraz edota 1969an apaiz antifrankisten Gogor taldeak argitaratu zuen diskoko Ez, ez dut nai abesti ezagunak ozen kantatu zituzten.
Kemena, ilusioa, konpromisoa, militantzia, duintasuna…, berba askok definitu dute busturiarra, eta Estiballesek bertsotan esan moduan, «ondokoari entzuteko prest, eta irrifar bat ezpainetan» duela gogoratuko dute beti ezagutzeko ohorea izan zutenek.
Herritik kanpokoak ere
Busturiarrekin batera, eskualdeko eta Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbildutako herritarrak elkartu ziren. Jendetza batu zen, eta besteren artean, ezker abertzaleko edota AEK-ko ordezkariek ez zuten hutsik egin gura izan. Hala, Mertxe Mujika AEK-ren koordinatzaile nagusiak eta Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak hartu zuten hitza ekitaldian.
Izan zirelako gara goiburu ezaguna aipatu zuen Mujikak: «Inoiz baino indar handiagoa dauka. Izan ere, argi eta ozenki esan dezakegu euskara eta AEK ez liratekeela egongo dauden tokian Julen ekintzaileak bere momentuan hartu zituen konpromisoa, ardura eta jarrera bestelakoak izan balira».
AEK erakundearen historiaren garai gogorrenetariko batean «lemazain bikaina» izan zela gaineratu zuen. Bera izan zen Korrika ekimena abiaratu zuenetariko bat: «Eta berari zor diogu, beraz, gaur egun garenaren zati handi bat. Julenek jarritako haziari esker euskaldundu dira milaka heldu».
«Historiaren ispilu»
Rodriguezek iraileko Sorturen konferentzia politikoan ezagutu zuen Kaltzada; Arnaldo Otegik aurkeztu zituen. Esan zuenez, «hunkituta eta esperantzatuta» sumatu zuen: «Esan zigun pozik zegoela egun horretan ikusi zuenagaz, antzematen zuelako aspaldi honetan ezker abertzalea murgilduta izan den ajea nolabait gainditzen hasiak garela, eta zentzu horretan herri hau berriro ere pultsua berreskuratzen hasia dela».
Kaltzadaren bizitza, hein batean, Euskal Herriaren historia hurbilaren ispilu dela gogoratu zuen Rodriguezek, «historia tragikoaren ispilu hein handi batean». Sorturen idazkari nagusiak Kaltzadari eta haren belaunaldikoei eskertzeko asko dagoela azpimarratu zuen, eta esker ona adierazi zion militante euskaldun, abertzale eta ezkertiarrari.