Orain dela 50 urte 15 bermeotar kartzelatu zituzten euskaraz abesteagatik. Kanta kanta lorue ekimena osatzen duten talde eta kantuzaleek gertaera hori ezagutzera eman eta gizarteratu egin gura izan dute. Hala, barikuan, orain dela 50 urte kartzelatu zituzten kantuzaleak omentzeko omenaldi «xumea» egin zuten.
Kanta kanta lorue ekimeneko zenbait kantuzale kantuan
Erroxape Emakumeen Elkartearen egoitza aukeratu zuten ekitaldia egiteko, eta txiki geratu zen. Hilda dauden kantuzaleen familiek ez zuten omenaldia galdu gura izan, eta bizirik dauden kantuzaleak ere ekitaldian parte hartu zuten.
Preso hartu zituztenen familiakoek utzitako argazkiekin egindako bideotxo bat jarri zuten lehenengo, eta han jarritako bideoa CD batean hartu zuten opari modura preso egon ziren kantuzaleek, edota horien familiek. Era berean, Kanta kanta lorue ekimenaren errepertorioko abestiekin osatutako liburu bat ere jaso zuten.
Egoitzan bertan, Kanta kanta lorue ekimenekoek lau abesti kantatu zituzten:
Koldobike,
Zazpi Papardo,
Bermioko Kale Barrijek eta
Popurri Bermiotarra. Behin ekitaldia amaituta, hilean behin, hirugarren barikuetan egiten duten modura, kalera atera ziren, Lamera eta portua euskal kantuz betetzera.