73-62 amaitu zen Mendizorrotzako zapatuko partidua. Lointek Gernika Bizkaiak sentsazio onekin hasi zuen lehia, baina lehen zatian baloi asko galtzeak eragina izan zuen, eta hirugarren laurdenean Lacturale Araskin lortu zuen errenta erabakigarria izan zen.
Bestalde, Gernika-Lumotik joandako zaleak
Talia Caldwellen eta Amaya Gastaminzaren debutaren lekuko izan ziren. Denboraldi hasieratik itxarondako eguna izan zen askorentzat.
Ez ohiko boskotea kantxaratu zuen Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak:
Bas, Pina, Alston, Gomez eta Caldwell. Hala, Bas, Pina eta Gomezen saskiratzeekin 2-8 aurre hartu zuten markagailuan. Akatsik gabekoak izan ziren lehenengo minutuak. Baina, Diallo Araskiko jokalaria saskiratzeak erraz lortzen hasi zirenean hasi zen egoera korapilatzen. Gainera, Forsterrek eta Silvak ondo aprobetxatu zituzten Lointekeko jokalarien “opariak”. 13-10eko markagailuagaz Lopezek hutsartea eskatu, eta hainbat aldaketa egin zituen. Besteak beste,
Gastaminza eta Molina kantxaratu zituen, biak ala biak atzealdean intentsitate gehiago eman asmoz.
Baina balo asko galtzen ari ziren, eta Gomez eta Molinaren hirukoak ez ziren sartu. Lehen laurdeneko azken zortzi minutuetan
18-4ko partziala lortu zuen etxeko taldeak, eta 20-12ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena. Ondoren, errendimendua handitzeko aldaketak egin zituen Lopezek. Dozena bateko aldea zuten markagailuan, eta esaterako, Alston ia ez zen ikusi kantxan. Baina, zenbait jokaldi borobiltzea asmatu zuten, eta hamar puntu edo gehiagoko aldea izan arren (29-19), bigarren laurdena
lau puntuko aldeagaz amaitu zuten: 36-32.
Argazkia: Gernika KESB.
Bigarren zatiaren hasieran bizi aritu ziren bi taldeak. Talde gernikarraren jokalariek hutsegiteak gutxitu zituzten, eta defentsan hobeto aritu ziren. Hala, esaterako Caldwellen kalitateaz gozatzeko aukera izan zuten ikusleek. Gainera, garaipena eskuratzeko aukerak bazeudela adierazten zuen
42-41ko markagailuak. Baina, hirugarren laurdeneko azken minutuetan Agirre etxeko jokalariaren saskiratzeek berriro ere aldea handitu zuten: 57-45.
Azken laurdenean, garaipena ziurtatzeko asmoz, defentsa lan sendoa burutu zuen etxeko taldeak. Lointeki, ostera, erasorako bitartekoak falta izan zitzaizkion; jokalariak saiatu ziren arren, ez zuten haien helburua lortu. Gainera, Pinaren, Gomezen eta Alstonen hiruko jaurtiketak ez ziren sartu.
EuroCup. Dia Ligako asteburuko emaitzen ostean, sailkapenean
bi postu behera egin du Lointek Gernika Bizkaiak. 8. jardunaldi honetara arte, seigarren postuan egon da, baina orain zortzigarren dago (12 puntu ditu). Hala ere, liga albo batera utzi eta
eguaztenean Bilbon jokatu beharreko partidua prestatzeko momentua dute jokalariek. Lointeken eta Cegled talde hungariarraren arteko partidua
20:00etan hasiko da
Casillan.
Hurrengo fasera sailkatzeko aukera gutxi eduki arren (azken bi jardunaldiak irabazi eta beste taldeen emaitzen zain egon beharko du), Casilla bertoko zalez betetzea espero du klubak, eta
autobusa antolatu du. Izena emateko 650 96 19 98 telefono zenbakira deitu behar da, eta joan-etorriko prezioa 5 eurotan jarri dute.
Etzi 18:30ean irtengo da Gernika-Lumoko autobus geltokitik, baina 18:15ean bertan egon behar da ordainketa egiteko.
Sarrerei dagokionez, egunean bertan txarteldegian bakarrik eskuratu ahalko dira; sarrera arruntak
10 euro balio ditu, baina Lointek Gernika Bizkaiaren eta RETAbet Bilbao Basketen
bazkideentzat 8 eurotan egongo dira.