Izaro Subek Bermeoko portuaren itsas hondoa garbitzeko lanak egingo ditu zapatuan
Izaro Sub taldeak eta Bermeoko Udalak antolatuta, Bermeoko portuaren itsas hondoa garbitzeko boluntario lanak egingo dituzte zapatuan. Garbiketa egiteaz gain, kontzientzia piztu gura dute. Horretarako, hainbat motako tailerrak antolatu dituzte.
Zapaturako eguraldi ona iragarrita dagoela eta, 50 boluntario inguru batzea aurreikusten dute antolatzaileek. Urpekariez gain, lehorrean ere jendea egongo dela esan du Izaro Sub taldeko Iñigo Lopezek.
Azaldu duenez, herriko saregin batek sare zahar bat birziklatu du, eta poltsatxo batzuk egin ditu, urpekariek itsas hondoan aurkitzen dutena han sartzeko. Portuan, berriz, Bilboko portutik ekarritako bi edukiontzi jarriko dituzte, batutakoa biltzeko.
Sailka banatu. Surf Rider Foundation ere Bermeon egongo da. Horiek urpekariek itsas hondoan batzen dutena sailkatzeko asmoa daukatela dio Lopezek, «kontzientziak pizteko». Helburu berari jarraituta, beste alde batetik, Olatua eskulturaren inguruan tailerrak egongo dira. MB 2000 elkarte soziokulturalak, Surf Rider Foundationek eta Nakursabek eskainiko dituzte tailerrak, hain zuzen ere. Ume eta gazteentzako tailerrez gain, familian egiteko tailerrak ere egongo dira aukeran.
Era berean, Lopezek azaldu duenez, umeak eta gazteak Frantxuen Haitzetara eroateko asmoa daukate, eskularruak jarri eta han dauden hondakinak batu asmoz. Ondoren, parte hartzaileentzako hamaiketakoa egongo da.
Elkartearen berri. Izaro Sub taldeko kide eta urpeko argazkilari Jesus Villalba argazkiak ateratzen egongo da. Lehiaketa ugari irabazi ditu Villalbak, eta bere lanetako batzuekin erakusketa bat ere jarriko du. Gainera, Izaro Sub taldearen garaikurrak ere jarriko dituzte ikusgai: «Asko eta asko dira, eta herritar askok ez daukate gure lanaren berri».
Orain dela lau urte egin zuten Bermeoko portuaren itsas hondoaren azkenengo garbiketa. «Azken urtean eguraldi oso txarra egin zuen, eta oso txarto atera zen; ordutik ez dugu gehiago egin».
Bermeoko portuaren itsas hondoan «txalupak, auto bat, gozokien poltsak, edalontziak, botilak, bateriak, hodiak…, denetarik aurki daiteke».
EGITARAUA
09:30-10:00. Boluntarioen harrera eta garbiketa lanak antolatu.
10:30-11:30. Nakusarbek antolatuta, itsas hondakinen arazoari buruzko informazioa emateko familia tailerra.
11:30-12:30. MB 2000 elkartearen eskutik, ume eta gaztetxoentzako tailerrak. Surf Rider Foundation Europek, berriz, sormen birziklapen tailerrak eskainiko ditu.
13:00. Amaiera. Zozketak eta hamaiketakoa, Campos-ek eskainita.