Gaztelugatxe Europako bigarren zinema kokalekurik onena izendatu dute
European Film Commission Network (EFCN) sarearentzat Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan da Hamarkadako Europako bigarren zinema kokalekurik onena.
Irabazlea Gorlitz (Alemania) herria izan da, Wes Anderson zinemagileak 2014an egindako The Grand Budapest Hotel filmagatik.
Europako 11 toki aukeratu zituzten sariketarako, eta horien artean zegoen Gaztelugatxe, 2016. urteko udazkenean Game of Thrones telesaila filmatzeko lanak egin ondoren.
Sariketaren emaitzak atzo eman zituzten jakitera, Bruselan, Europako Parlamentuaren egoitzan, European Film Commission Network sarearen hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian, hain zuzen ere.
Europa osoko ikus-entzunezko sektorearen eta zinemako profesionalak biltzen dituen Cineuropa izeneko plataformaren webgunean egindako bozketatik atera dira irabazleak. Hala, Europako ikusleek eduki dute azken hitza.
EFCN sarean, guztira, Europako 30 herrialdetako 90 filmen komisio daude, eta horien lehentasunezko helburuetako bat kontinenteko kokapenak nazioarteko ikus-entzunezko ekoizpenetarako sustatzea da.