Udazkenak ere jaietaz gozatzeko aukera eskaintzen du, oraingoan, sanmartinak datoz. Aurten, gainera, zapatuz dator santuaren eguna, hortaz, asteburuan Bermeon, Foruan, Ereñon eta Sukarrietako Kanala auzoan izango da sanmartinez gozatzeko aukera.
Iazko karakol txapelketako irabazlea, Foruko Udaleko ordezkariekin
Bi eguneko egitaraua prestatu dute Foruan. Urtero legez, karakol txapelketa ez da faltako; domekan egingo dute, eta bost kazolarik gozoenantzako sariak banatuko dituzte. Parte hartzaileek, gutxienez, 30 zentimetro dauzkaten kazoletan prestatu beharko dituzte karakolak, eta horiek bost lagunentzako beste karakol eduki beharko dituzte. Era berean, baserritarrek zein artisauek beraien produktuak erakusteko eta saltzeko aukera edukiko dute Nekazal Azokan. Animalien erakusketa ere egongo da.
Bestalde, tute, igel, mus eta briska txapelketak ez dira faltako asteburuan herrian.
Zortzi harategi azokan. Andeko tabernak Bermeoko Udalaren laguntzagaz antolatuta, XVI. San Martin azoka egingo dute domekan, Lameran. Baserri giroa nagusi izango da txerriki produktuari lotutako azoka horretan. Zortzi harategik eskainiko dituzte euren produktuak, eta horiek dastatzeko aukera ere emango dute. Txerrikiaz gain, beste hainbat produktu ere egongo dira aukeran: ogia, euskal pastela, gazta, eztia, patea…
Morga harategikoak saria hartzen, iazko odoloste txapelketan
Azokaren protagonista nagusia, hala ere, buzkentza izango da, Bermeoko Udalaren XVI. Odoloste Txapelketa egongo da jokoan. Herri ezberdinetako 25 partaide inguruk parte hartuko dute txapelketan.
Aurten, gainera, Eutsi Gogor, Danok batera proiektuarekin bat eginda, pintxo solidarioak jarriko dituzte salgai azokan bertan.
Ereñon, berriz, indaba txapelketan parte hartzeko aukera edukiko dute hango bizilagunek, zapatuan; 14:00etarako parte hartzaileek prest eduki beharko dituzte lapikoak.
San Martin egunean bertan, Sukarrietako Kanala auzoan bazkari herrikoian batuko dira.
EGITARAUA
Bermeo
Domeka.
– 10:00-15:00. Azoka, Lameran.
– 13:00. XVI. Odoloste txapelketako sari banaketa ekitaldia, Andeko taberna aurrean.
Ereño
Zapatua.
– Goizean. Indaba txapelketa, frontoian.
– 14:00. Indaba lapikoen aurkezpena.
– Gauean. Crianza Clearwine revival musika taldeagaz kontzertua.
Foruko nekazal azokako postuetako bat
Forua
Zapatua.
– 12:00. Meza nagusia.
– Ostean, bertaratutakoek salda eta odolostea edukiko dituzte aukeran, dantzarien plazan.
– 13:30. XV. igel txapelketa, Batzoki tabernan.
– 18:00. 30. Briska txapelketa. 17:30ean eman behar da izena Urdaibai tabernan.
– 18:00. Idi probak: Juan Mari Ordorika (Gernika-Lumo), Iturbe anaiak (Arrieta) eta Jabi Duñabeitia (Kortezubi).
– 19:00. 22. Mus txapelketa, Batzoki tabernan.
Domeka.
– 11:00-15:00. Nekazarien eta artisauen azoka zabaldu, eta karakol txapelketarako izena eman behar da herriko plazan.
– 12:30. Meza nagusia.
– 13:15. Urdaibai dantza taldeko umeen erakustaldia.
– 13:00. Umeen aizkolaritza ekitaldia: Iker Gomez (Bermeo) eta Julen Aldana (Forua).
– 14:00. 38. Karakol txapelketako kazolen aurkezpena. Ordutik kanpo ez dute kazolarik jasoko.
– 17:30. 29. Tute txapelketa, Urdaibai tabernan. Ondoren, txerriaren zozketa.
Sukarrieta (Kanalan)
Zapatua.
– 12:30. Meza nagusia, baselizan.
– Eguerdian, bazkari herrikoia, Jatetxe jatetxean. Erretiratuei Sukarrietako eta Gautegiz Arteagako Udalak ordainduko die bazkaria.