630 gazte eta 51 paella, Astelehentxutxun
Beste behin, ehunka lagunek egin zuten zapatuan Astelehentxutxu jaira joateko hautua. Goizean jaiki eta euria egin zuela ikusteak ez zuen saihestu Merkatu plazara bertaratzea.Gernikar eta inguruko gazteen egutegian gorriz markatuta dagoen eguna da urri...
Beste behin, ehunka lagunek egin zuten zapatuan Astelehentxutxu jaira joateko hautua. Goizean jaiki eta euria egin zuela ikusteak ez zuen saihestu Merkatu plazara bertaratzea.
Gernikar eta inguruko gazteen egutegian gorriz markatuta dagoen eguna da urriko azken zapatua. Paella prestatu eta jatearen aitzakipean, herriko bizilagun eta lagunekin giro oneko egun bat igarotzeko data izan ohi da. Aterri egin zuen, eta paellak prestatzeko eguraldi arazorik ez zuten izan plazan bildutako 630 bat lagunek.Paella gozoa eta itxura onekoa prestatu ote duten zalantza eta kezka edukitzen dute parte hartzaile askok, aldiz, ez zaie askorik axola izaten beste batzuei, azken finean, epaimahaia izaten da-eta emaitza ebazten duena. Jan ahal izateko bestekoa izateagaz konformatzen dira asko, lagunartean eta jai giroan egoteak garrantzia handiagoa baitauka.
Hala, jakiak prestatzen aditu eta ez hain adituak direnak elkartu zituen beste behin Astelehentxutxuk. 10:30ean zabaldu zuten infogunea, eta 12:30ean, berriz, prestaketa gunea. 51 paellak lehiaketara aurkeztu eta jangunean esertzen hasi ziren gazteak, elkarregaz bazkaria jateko. Arratsaldean, plazan jarritako agertokira deitu zituzten txapelketako zapore onena zeukan paellaren egileak (Repeskauek taldea), paella txarrenarenak (Txutxu txiki) eta dekorazio onena zeukanarenak (Sua taldea).
Sari banaketaren ostean, mus txapelketa, Beer pong txapelketa eta play back txapelketa jokatu zituzten.
Musikaz giroturik
Festak Pasealekuan jarraitu zuen gaueko kontzertuekin: Maren, Lukatu, Belatz, Etxekalte eta Xaiborren musikagaz gozatzeko aukera egon zen.
Zapatua aldarrikapenetarako eguna ere izan zen. 20:00etan Merkuriotik abiatuta, manifestazioa egin zuten, Kataluniak, Euskal Herriak Independentzia lelopean.