VII. Arte eta Bakearen topaketak bihar hasiko dira
Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Aztertegiak eta Gernika-Lumoko Bakearen Museoak eta Kultur Etxeak antolatuta, VII. Arte eta Bakearen topaketak hartuko ditu barikuan eta zapatuan Gernikak.
«Grafitiaren eta rap musikaren munduko artista, ikertzaile eta galeristekin esperientziak partekatzeko aukera» eskainiko dute topaketok, esku hartze plastiko eta bisualen bitartez.
Topaketetara bertaratzen denari hiriko artearen esparruan murgiltzeko gonbitea egingo diote, hartara, «memoria, salaketa eta erresistentzia ekimenetan egiten duten ekarpenaz ohartzeko».
Barikuan 09:30ean emango diete hasiera topaketei, eta 10:00etan hasiko dute lehen solasaldia. Iluntzera arte iraungo du egitarauak, eta azken tarterako utziko dute Gorputz Gramatikalak tailerra. AgroArte Kolektiboaren parte hartze prozesu bat da Gorputz Gramatikalak programa, zeinek ekintza artistiko eta memoriarako espazio bat sortzeko helburua duen. Horretarako, bakearen eraikuntza, erreparazio sinbolikoa eta erresistentzia irudikatzen ditu, maila lokal eta globalean.
Performance-a, zapatuan. Barikuan, gorputzaren prestaketa tailerra egingo dute, baina zapatuan goizean performance ekintza sinbolikoa egingo dute. Hala, bertan parte hartzen dutenek «egia, justizia eta erreparazioa» aldarrikatuko dituzte, beraien gorputzen bitartez. «Memoria, derrigortutako leku-aldatzea, aterpea eta deserrotzearen inguruko errealitateek mugitzen gaituzte, eta horrekin lotuta egin nahi dugu ekintza hau», azaldu dute.
Eguna hip hop eta rap doinuekin bukatuko dute, Pablo Picasso kalean.
Jarduerak gazteleraz izango direla aipatu dute antolatzaileek eta parte hartzea doakoa izango dela jakinarazi dute; hala ere, izena ematea beharrezkoa izango da. Horretarako, 94-625 35 58 telefonora deitu edo info@gernikagogoratuz.org helbidera idatzi beharko du parte hartu nahi duenak.
EGITARAUA:
Urriak 27, barikua
Elai Alai aretoan, Foru plazan.
– 09:30-10:00. Inaugurazioa.
– 10:00-11:30. Historia, eboluzioa eta espazioa Hiriko Artean. Parte hartzaileak: Laura Garcia-Borreguero (Antropologa soziala eta kultur arloko ikertzaile independentea. Bilbo) eta?Daniel Muñoz (Artista, Caceres). Aurkezpena: Maria Oianguren (Gernika Gogoratuz).
– 12:00-12:30. AgroArte eta Rap musika, erresistentzia eta memoria gisa. Parte hartzaileak: Wilmar Botina (Colectivo AgroArte taldeko koordinatzailea. Medellin) eta Luis Fernando Alvarez (Komunako nekazaria eta Colectivo AgroArte taldeko rap musikaria. Medellin). Aurkezpena: Iratxe Momoitio (Gernikako Bakearen Museoa).
– 12:30-14:30. Gizartea, sareak eta arte merkatua. Parte hartzaileak: Juan Pablo Orduñez (mAwa, artista eta ikertzailea. Bilbao); Igor Rezola (Dizebi, graffiti-egilea, artista eta ikertzailea. Itsasondo); Sergio García Bayón (SC Gallery + Art Management-en sortzailea, Bilbao). Aurkezpena: Rikardo Abaunza. Kultur Etxea.
– 18:00-20:00. Gorputz Gramatikalak tailerra. Gorputzaren prestaketa, Kolonbiako AgroArte taldearen eta Birgit Fritzen (Zapalduaren Antzerkia izeneko metodologian aditua. Asturias) eskutik. Aurkezpena: Andreas Schäfter (Gernika Gogoratuz).
Urriak 28, zapatua
Pablo Picasso kalea.
– 10:00-14:00. Gorputz gramatikalak performance ekintza sinbolikoa. Colectivo AgroArteko kideak: Jhonantan Steven Ruiz (Ghido Mc), Luis Fernando Álvarez (El Aka), Hugo Andres Alvarez (El Metano Mc), Wilmar Botina (Boti), Sandra Milena Álvarez eta Maria Jose Pizarro.
– 18:00-20:00. Hip Hop eta Rap kontzertua. Laize (Euskal Herria), Betto Snay (Angola), Big Thier (Senegal), El Aka (Kolonbia), El Metano Mc (Kolonbia) eta Ghido Mc (Kolonbia).