Hungariako porrotaren ostean, konfiantza hartzeko garaipena eskuratu zuen
zapatu arratsaldean.
101-51ko markagailuagaz amaitu zen Lointek Gernika Bizkaiaren eta Movistar Estudiantesen arteko lehia.
Etxeko taldeak
partidua kontrolpean izan zuen hasieratik bukaeraraino. Jokalari denek maila oso ona erakutsi zuten; batik bat bigarren zatian intentsitate handiz aritu ziren atzean zein erasoan. Aurkaria, ostera, ez zen lehiatzeko kapaz izan.
Aishah Sutherland Lointekeko jokalaria.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Hasierako minutuetatik neurketa bideratu zuen Lointekek. Hala ere, hasieran talde lana baino, jokalari bakoitzaren kalitatea ikusi zen kantxan. Horrela lortu zituzten 7-0eko, 9-1eko eta 11-1eko partzialak. Erreboteetan nahiz barruko jokaldietan nagusi ziren etxekoak; defentsan baloiak errekuperatzen, eta
kontraerasoan eroso. Bitartean, Estudianteseko neskak hirukoekin saiatu arren, ez zuten saskiratzeetan asmatzea lortu. Quiranteren hirukoa sartu zen bakarrik, eta 18-4 amaitu zuten lehen laurdena.
Itziar Ariztimuño Lointekeko jokalari bilbotarra.
Argazkia: Gernika KESB.
Hurrengo minutuetan ere gauzak ez ziren aldatu. 13. minutuan 23-4ko markagailuagaz zeuden. Bi taldeen artean zegoen alde nabarmenari eustea izan zen etxekoen helburua, bai eta asmatu ere. Atsedenaldira heldu aurretik partidua erabakita uztea zen haien zeregina.
39-18 amaitu zuten lehen zatia, eta bigarren zatian partidua errematatu zuten. Bikain aritu ziren etxekoak. Hirugarren laurdenean 37-15ko partziala lortu zuten (76-33 amaitu zen hirugarren laurdena), eta partiduko azken emaitzak erakusten duen 50 puntuko aldea da etxekoek emandako erakustaldiaren adierazgarri nagusia. Hala, gozatuz zaleak gozaraztea lortu zuten.
Bularreko minbizia dutenei elkartasuna
Partidu berezia izan zen zapatukoa. Izan ere, urriaren 19a Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko eguna izan zen, eta Gernika-Lumoko klubak Bizkaiko Bularreko Minbiziaren Elkarteari (ACAMBI) laguntzeko ekimena jarri zuen martxan.
Lepoko arrosak jarri zituen salgai,
10 eurotan. 50 lepoko atera zituzten, eta bildutako dirua Bizkaiko Bularreko Minbiziaren Elkartearentzat izan da.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Lazo arrosak banatu zituzten zaleen artean, eta jokalariek eta epaileek soinean izan zituzten. Horrez gain, bi taldeetako jokalariek galtzerdi arrosekin jokatu zuten.
Susana Lopez ACAMBIko kidea eta Naiara Diez Lointek Gernika Bizkaiaren kapitaina.
Argazkia: Gernika KESB.