Basurdeek hernaniarren kontra lortu dute
denboraldiko hirugarren garaipena; 11-16 nagusitu ziren atzo eguerdian.
Etxeko taldeak hartu zuen iniziatiba, eta Gernika RTko jokalariak estu hartu zituzten. Ondorioz, basurdeek defentsan lan handia izan zuten hasierako minutuetan. Baina, minutuek aurrera egin ahala, talde gernikarreko jokalariak euren jokoa erakusten hasi ziren, eta horrela estualdi bat baino gehiago eragin zuten aurkariengan.
Bi taldeek aukerak sortu arren, 21. minutura arte hutseko markagailua izan zuten. Hernaniren erasoko jokaldi baten ondoren, Gernika RT Lionel Skipwith gabe geratu zen zelaian; epaileak txartel gorria atera zion. Etxekoek ondo aprobetxatu zuten gaztigu-ostikoa. Anartz Elosegik 3-0ekoa lortu zuen. Basurdeek euren lanarekin jarraitu zuten. Hernaniarrak estu hartzen zebiltzan, eta etxekoek ez zuten arrisku jokaldirik sortzen. 27. minutuan, gaztigu-ostiko bati esker berdinketa lortu zuten basurdeek.
Hurrengo minutuetan kolpeak izan ziren protagonistak. Etxekoen erasoko jokaldi batean Bruno Mercantik txartel horia ikusi zuen, eta zigor-kolpean asmatuta, 6-3 jarri ziren aurretik hernaniarrak. Hala, lehenengo zatiko azken minutuetan bi jokalari gutxiagogaz jokatu behar izan zuen Gernika-Lumoko taldeak. Baina, egoera kontra izan arren itxura ona erakutsi zuen taldeak. Lehen zatia amaitzeko gutxi falta zela, markagailua berdintzeko aukera izan zuen gaztigu-ostiko bategaz, baina baloia desbideratu zenez,
6-3 amaitu zuten
lehenengo zatia.
Argazkia. Anuar Gomez
Bigarren zatian basurdeek aurkariek baino hobeto aprobetxatu zituzten sortutako aukerak. Bigarren zatiko hirugarren minutuan Santiago
Viañak entsegua lortu, eta Federico Llanosek transformatuta, markagailua iraultzea lortu zuten:
6-10.
Hernaniarrek berehala erantzun zuten beste entsegu bategaz. Etxeko zaleen babesagaz, erasoko jokaldi luze batean heldu zen
hernaniarren entsegua. Ez zuten transformatu, baina berriro ere markagailuan aurretik jartzeko baliogarria izan zen entsegua (11-10).
Hurrengo minutuetan basurdeek partiduaren kontrola bereganatu zuten. Haien nortasunaren ezaugarri den indarragaz borrokatu ziren, eta horrela, zigor-kolpea ondo aprobetxatuta 11-13 jarri ziren aurretik. Horrek psikologikoki eragin zien etxekoei, eta gero, beste zigor kolpe bategaz partidua erabakita utzi zuten: 11-16.