Hogeita bost urte bete ditu Gernika-Lumoko Arrano Etxeak. Mende laurden hainbat gernikarren topaleku izaten. Gaur egin dute urteurren ospakizuna, eta, eguerdian egin duten ekitaldian Arrano Etxearen definizoa egin ere egin dute: “Hemen bizi izan garenontzat borrokarako gunea izan da etxe hau, baina alkargunea ere izan da. Zergatik elkargune? Bertan hainbat jende elkartu, ezagutu eta batu izan garelako”.
25. urteurrenean, gaur, garai hartan gazte zirenak eta gaur egun gazte direnak elkartu dira, eta etorkizunera begira jarrita, geroan ere ume, gazte eta adinekoak elkartzeko gunea izango delaren esperantza agertu dute. Jende asko batu izan duelako Arranok, “leku ezberdinetako jendea, giro ezberdinetakoa, baina pentsamendu berekoa”, gaineratu dute.
Testuinguru horretan, Arrano etxean erreferente izan diren hainbat pertsona izan dituzte gogoan.
“Herria berrasmatzeko espazioa” izan dela esan dute gaur gazteek, “orain dela 60 urte zabaldu genuen biderako zapatilak eta zapatak sortu eta eskaini dizkiguna. Euskal herri euskaldun, aske, sozialista, feminista eta ekologista sortzeko oinetakoak etxe honetatik atera ditugu kaleetara”, gaineratu dute.
Arrano Etxea herrian oso garrantzitsua izan dela ere esan dute, eta bertatik hainbat ekimen, talde edo elkarte sortu eta bultzatu direla.
Ekitaldian bertan, preso daudenentzako berbak ere izan dituzte, eta Murtzian preso duten Oier Goitiak idatzitako berbak ere irakurri dituzte.
Mehatxupean. Aurerra begira jarri dira 25. urteurreneko ekitaldian, baina 2002an Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz hasitako jazarpena ere presente dute; izan ere, herrikoak ixteko epai irmoa emana dauka auzitegiak, eta egindu hori noiz beteko duten zain daude.
Halere, gaurkoan mende laurdena ospatzeko eguna izan dute, eta Arrano abesbatzak urteurrenerako prestatutako abestiagaz amaitu dute ekitaldia. Ostean, bazkaritan bildu dira hainbat herritar, eta erromeriarekin borobilduko dute ospakizuna.