Sakabanatutako Km gehiagorik ez
Astebururo Euskal Herriko senide eta legunek egin behar izaten duten kilometro kopurua eta kilometro horiek denak batuta astebururo munduari ematen dizkioten bueltak. Modu sinbolikoan, distantzia hori zenbatekoa den adieraziko du gaur Gernika-Lumoko Sarek.
Merkurio iturrian egingo dute aurkezpena, 19:30ean. Ekitaldi arina baina adierazgarria izango dela azaldu du Gernika-Lumoko?Sarek, bertan biltzen direnengan mira sortzeko modukoa. Era berean, Sarek daraman dinamikarekin bat egin, eta #0Km dokumentua ere aurkeztuko dute gaurko ekitaldian.
Eguaztenean aurkeztu zioten dokumentu hori Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriari, eta joan den astean beste horrenbeste egin zuten Nafarroako Parlamentuan. Hain zuzen, presoen egoera konpontzeko pausoak emateko eskatu du Sarek bai batean zein bestean. Alderdi politikoak adostasunetara heltzea nahi du Sarek, Madrilen sakabanaketaren amaiera eskatzeko. Era berean, urtarrilaren 13an Bilbon egingo duten nazio mailako manifestazioagaz bat egiteko gonbidapena egin die Sarek.
‘Aterabidetik’, zineetan. Sakabanaketaren gaia lantzen duen dokumentala ekoiztu zuen Gernika-Lumoko Sarek aurreko ikasturtean, eta horren aurkezpenak egiten ari dira oraindik. Urriaren 8an Ondarroako Marabilli festibalean eman zuten Sareren lana, eta Lekeitioko Euskal Zine Bileran ere izan da, lehiatzen. Herenegun ikusi zuten dispertsiometraia Lekeitioko zine aretoan.
Aterabidetik festibaletan erakustearen aldeko apustua egin du Gernika-Lumoko Sarek, eta emaitzagaz pozik dira. Emanaldi bakoitzean 80 pertsona inguru batu dira, eta publikoaren harrera ona nabarmendu dute.
Enkarterrietako Enkarzinen ere lehiaketarako hautatu dute Aterabidetik, eta 2018ko urtarrilaren 13ko manifestazio egunera bitartean leku gehiagotan aurkezteko asmoa ere agertu du Gernika-Lumoko Sarek.