La Caixa Gizarte Ekintzak eta Reina Sofia Museoak antolatutako
Picasso. Gernikaren bidaia erakusketa aurkeztu dute gaur eguerdian Gernika-Lumoko udaletxean. Herriko alkate Jose Mari Gorroño, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, CaixaBanken Euskadi eta Kantabriako lurralde zuzendari Juan Pedro Badiola, La Caixa Banku Fundazioko Kultura Alorreko zuzendari Ignasi Miró eta Reina Sofia Arte Zentroaren Museo Nazionaleko Erakusketa Alorreko zuzendari eta komisario Rosario Peiró izan dira, hain zuzen, aurkezpenean.
Pasealekuan jarri duten
Picasso. Gernikaren bidaia erakusketak Pablo Picasso artistaren
lan ezagun horren ibilbide historikoa zein izan den jasotzen duela azaldu du Gorroñok; alegia, 1937an Parisen sortu zenetik Reina Sofia museora eraman zuten artekoa (1992). Hala ere,
gaur egungo egoitza “azken egoitza ez izatea” espero duela aipatu du; oraindik ere beste bidaia bat egitea falta zaiolako”. Era berean, eskerrak eman dizkie erakusketa hau Gernikan izatea ahalbidetu dutenei, bere ustez,
erakusketa horrek “gure historia bizirik mantentzen laguntzen duelako”.
Badiolak, bestalde, adierazi du La Caixa Banku Fundazioaren lehentasuna erakusketak bere ibilbidea Gernikan has zezala izan dela; “izugarrikeria haiek bizi izan zituen herrian”. Dena den, urriaren 31tik aurrera Gasteizen eta abenduaren 5etik aurrera Bilbon ere bisitatu ahalko dela aurreratu du. Halaber, espainiar estatutako zenbait hiritan ere jarriko dutela ikusgai jakinarazi du.
Mirok, bestetik, aitortu du
“Gernika balio sinboliko handiena duen lana” dela, eta jende askorentzat ezaguna bada ere,
jendeak ez dakiela zergatik den hain garrantzitsua uste du. Horregatik, eta zergatia horiek eta lanaren gorabeherak azaltzeko asmoz erabaki dute aipatu erakusketa egitea. “Gernika artelana gizateriaren historiaren ikono da, eta historia hori da erakusketaren bitartez guk kontatu nahi duguna”.
Peirok, bere aldetik, azpimarratu du
Picassoren koadroa Reina Sofiako bildumako “pieza garrantzitsuena” dela eta egunerokotasuneko lan handiena bere inguruan egiten dutela. Hala, Caixarekin elkarlanean, koadroaren historiari buruz gehiago jakite aldera, ikertzen aritu direla azaldu du, eta horri esker lortutako dokumentazio guztia Interneten jarriko dutela herritarren eskura jakinarazi du. Halaber, datozen hileotan liburu bat ere kaleratuko dutela aurreratu du. “Pozik” da Peiro erakusketaren emaitzagaz, eta
“zehaztasun handiagaz” egina dagoela uste du. “Artxibo baten aurkezpen bisual bat dela kontuan hartuta, ez da erraza tankera honetako erakusketa egitea”.
Rementeriak, azkenik, aipatu du horrelako ekintzek
“memoria historikoa sendotzen laguntzen” dutela; “modu honetan elikatzen ez badira, azkenean hil egiten da, eta niretzat erakusketa hau hori da: memoria historiko horrentzako elikagai funtsezkoa”. Ahaldun nagusiak dioenez, “Euskal Herriarentzat Gernika sinbolo bat da, eta beldurra eta mina irudikatzen ditu”. Eta memoria ere irudikatzen du, Rementeriaren ustez; “bonba haien ondorioz izan ziren biktimen oroitzapenak”. Hala, Gernika bonbardatu zutela 80 urte igaro direnean, “basakeriaren biktima guzti haiek gogoan” dituztela aipatu du, eta “beti” izan behar direla gogoan esan du, “ahaztu barik, inoiz berriro gertatu ez dadin”. Modu berean, Gernikak “inspiratu” ere egiten duela dio, “herri bezala daukagun sendotasuna adierazten du, zutitu eta aurrera jarraitzeko daukan gaitasuna erakusten du”.
Bestalde, Euskal Herriak gaur egun “historiako garairik onenetarikoa” bizi duela esan du, “bakean bizi garelako”. Guztien artean lortu da bakea Rementeriaren ustez, eta herritarrak bakean bizitzearen balioaz ohartu behar direla dio, “badakigulako zer den bakerik gabe bizitzea”. Eta hori belaunaldi berriei transmititzea “beharrezkoa” dela deritzo. Hala, “erakusketa honek lagundu egin behar du belaunaldi berriei balore horiek ezagutarazten”.
200 metro koadroko erakusketa da, bost esparrutan banatuta dagoena. Ikus-entzunezkoak, argazki eta kartel erreprodukzioak eta agirien nahiz marrazkien faksimileak… biltzen ditu; guztiak
Picassoren lanaren eta bidaien historia azaltzeko baliagarriak. Erakusketan batutako dokumentazioari esker, artistak garatutako sorkuntza-prozesua nolakoa izan zen ezagutu ahalko du bisitariak, eta, horrez gain, lanak gerraren aurka duen esanahaia eta 40 urtez baino gehiagoz mundu zabalean ibili izanaren zergatiak ere ezagutu ahalko ditu.
Urriaren 25era arte dago erakusketa zabalik, honako ordutegian: astelehenetik barikura 12:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta zapatu-domekan: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Halaber, bisita gidatuak ere eskaintzen ari dira: astelehenetik barikura 19:00etan eta zapatu-domekan 12:00etan eta 19:00etan. Eskola-talde zein gainontzeko taldeentzako bisitak ere badira aukeran: astelehentik barikura 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:00etara. Horretarako, baina, aurretiaz deitu beharko da 902 22 30 40 telefonora.
Gernika Batzordearen salaketa. Erakusketa aurkeztu eta ireki duten egunean, bestalde, Gernika Batzordeak
Gernika Gernikara lelopean elkarretaratzea egin du museoaren aurrean,
Gernika “oraindik deserrian bahituta” daukatela salatzeko.
Aurkezpen eguneko argazki galeria.