Hungariako VBW CEKK
Cegled taldearen kontra ezin izan zuen garaipena lortu
atzo arratsaldean. 10 minututan partidutik kanpo egotea gogor ordaindu zuten talde gernikarreko jokalariek.
Hain zuzen, lehenengo, hirugarren eta azken laurdenetan parekotasun handia egon zen bi taldeen artean, baina bigarrenean egindako hutsek eragin zuzena izan zuten azken emaitzan. Talde hungariarrak 27-11ko partziala lortu zuen bigarren laurdenean, eta ondorioz
44-28ko emaitzagaz heldu ziren
atsedenaldira. Aipatu minutu horietan
defentsan asko sufritu zuen Lointekek, eta talde hungariarrak izan zituen aukerak ondo aprobetxatu zituen.
Gomezek, Alstonek, Pinak, Sutherlandek eta Basek osatutako boskotea kantxaratu zuen Mario Lopezek, eta hasieratik
Cegled eraginkorrago aritu zen. Partiduko lehenengo minutuetatik Lointekek defentsan lan handia eduki zuen. Horren guztiaren adibide da lehia hasi eta hiru minutura hungariarrek zuten errenta: 8-2. Orduan, Gernika-Lumoko taldea jokoa hobetzen hasi zen; Pinak protagonimo gehiago hartu, eta haren hirukoari esker markagailuari buelta eman zioten (8-9). Jokalari valentziarrak bederatzi puntu lortu zituen lehen laurdenean.
Atzo Hungarian jokatutako partidaren une bat.
Argazkia: Cegled.
17-17 amaitu zen lehen laurdena, eta bigarrena hasi eta minutu gutxira 4-1ko partziala zeukan Cegledek. Lopezek hutsartea eskatu zuen berehala, baina horren ostean ere ez ziren gauzak hobetu. 29-21ko markagailuagaz Lointekeko entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen berriro ere. Atzean sufritzen ari zen talde gernikarra. 9-0ko partzialagaz zeudela Alstonek jaurtiketa librea saskiratu zuen, baina Lointekeko jokalariek bazekiten markagailuko aldea gutxitzeko lan asko egin behar zutela oraindik. Egoera larria zen. Esaterako, 18. minutuan 15 puntuko aldea zegoen markagailuan (38-23). Garaipena lortzeko erantzun beharra zegoen; hori zen talde gernikarreko nesken erronka.
Atsedenaldiaren ostean Lointekeko jokalariak aurkariak estutzen ahalegindu ziren. Bas nabarmendu zen hirugarren laurdenean, baina talde-lan sendoagoaren falta nabaritu zen.
17-16ko partzialagaz amaitu zen hirugarren laurdena, baina bigarrenean lortutako errentari esker hungariarrek garaipena esku-eskura zeukaten.
61-44ko markagailua iraultzea ez zen erraza, baina talde gernikarra horretan ahalegindu zen. Bere
nortasuna erakutsiz, talde lan sendoa egin, eta saskiratzeetan asmatuz, 19-24ko partziala eskuratu zuen azken laurdenean. Batik bat Ariztimuñoren lana nabarmendu zen azken minutuetan, taldeari erritmoa emanez.
Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak partidu hasiera ona izan zutela adierazi zuen atzo. “Lehen laurdena parekatua izan da, baina bigarrena giltzarria izan da. Atsedenaldiaren ostean taldearen itxura hobetu dugula uste dut, batik bat defentsan”. Hala, lehen, bigarren eta azken laurdenetan taldeak egindako lanagaz pozik zegoela zehaztu zuen.
EuroCupeko hurrengo jardunaldietan emaitza onak lortzeko defentsa lan ona egitea ezinbestekoa izango dela zehaztu zuen Lopezek. 40 minutuetan etenbarik defentsa lan sendoa egitea falta zaiela esan zuen: “Partidu osoan atzean lana ondo egin gabe egonez gero, oso zaila da irabaztea”.
Atzoko partiduaren ostean ligako hurrengo jardunaldia prestatzeko asti gutxi dauka taldeak. Lointek Gernika Bizkaiak Movistar Estudiantesen kontra jokatuko du Malosten
bihar, 18:30ean hasita.
Marina Bas
Gernika-Lumoko taldean zenbait jokalariren lesioek erabat baldintzatu dute denboraldi hasiera.
Marina Bas izan da lesio bat jasan duen azkena. Aurreko astean, urriaren 11an
sudurra apurtu zuen Gironaren kontrako EuroCupeko lehenengo jardunaldian. Sudurrean kolpea hartu, eta sudur hezurra mugitu zitzaion arren, partidu osoa jokatu zuen errusiarrak. Biharamunean
Gurutzetako ospitalean egin zioten
ebakuntza, eta Basentzat beren beregi egindako aurpegiko estalki berezi bati esker atzoko partidua lehiatu ahal izan zuen (18 puntu eta 6 errebote lortu zituen).
Marina Bas atzoko partiduan.
Argazkia: Gernika KESB.
Astelehenean eskaner bat egin zioten Elgoibarko Industria Ingeniaritzako Eskolan, eta programa informatiko bati esker aurpegiko estalkia diseinatu, eta 3Dko inprimagailuan inprimatuta lortu dute estalkia egitea. Tecnun-CEIT-IK4 enpresako Luis Mateyk egin dio estalkia. ULTEM 9085 deritzan materialagaz egin dute; merkatuan dagoen termoplastiko gogorrenetarikoa da. Industria aeronautikoan erabiltzen dute. Esate baterako, Airbus 350 bezalako hegazkinetako hainbat pieza egiteko erabiltzen dute aipatu materiala.
ALBISTE HONEGAZ LOTUTA:
EuroCupeko lehenengo jardunaldiaren kronika