Gernika-Lumoko Udalak Santanape frontoiko teilatua konpontzeko lanak hasi ditu
Gernika-Lumoko Udalak kirol guneak hobetzeko asmoz hasitako lanekin jarraitzen duela jakitera eman du. Oraingoan, Santanape frontoian hasi ditu hobekuntzak; hain justu, bertako teilatua konpontzen hasi da.
Udalak azaldu duenez, «teilak aldatu zaizkio oraingoan; kaltetuta daudenak, alegia». Halaber, haizeak eta eguraldi zatarrak lekuz aldatu dituenak ere bere lekuan jarriko dituztela aipatu du. Lan horiek 400 metro koadrotako eremuan egingo dituzte, eta, horretarako, 40.620 euroko aurrekontuaz baliatuko da. Aurreratu duenez, hilabeteren buruan lanak amaitzea aurreikusten du udalak.
Hainbat lan aurretik. Aurretik ere, hainbat lan egin izan ditu Gernika-Lumoko Udalak Santanape kiroldegian. Udan, esaterako, kiroldegiko futbito jokalekuko estalkia eraberritu zuen.
Bestalde, Maloste kiroldegiaren itxura ere aldatu du udalak berriki. Kiroldegiaren aurrealdea pistatxo kolorez margotu zuen, eta 4,16×4,16 metroko tamainadun argazki bi jarri zituen koloreztatutako horma horretan. Ordura arte ere, lan ugari egina zituen bertan: hala nola, lehen mailako parketa jarri zuen, FIBA Saskibaloiaren Munduko Txapelketako bi saski ezarri zituen eta harmailak ere handitu izan ditu.