Alde Zaharrean etxebizitza alokatzeko 10 eskari aurkeztu dituzte Bermeon
Uztailean jakinarazi zuen Bermeoko Udalak Alde Zaharrean etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzak emango dizkiela Bermeon erroldatuta dauden 18 eta 35 urte bitarteko gazteei. Gaur gaurkoz, 10 eskari aurkeztu dituztela azaldu dute. Hala ere, eskariak aurkezteko epea oraindik zabalik dagoela gogorarazi gura dute Bermeoko Udaletik.
Hala, Bermeoko Alde Zaharrean etxebizitza bat alokatzeko diru laguntzak jaso gura dituzten gazteek 2017 amaitu arte eskariak aurkezteko aukera dute. Eskariak Berhaz bulegoan aurkeztu behar dira. Alde Zaharra biziberritzeko gazteei zuzendutako diru laguntza programaren informazio guztia Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) aurki daiteke, bai eta eskaera aurkezteko bete beharreko eskari orria ere.
Eskatzaileek 18 eta 35 urte bitartean izan behar dituzte, eta etxebizitza bakarrik, bikotekideagaz edota beste pertsona batzuekin alokatu ahal izango dute. Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan daitezke diru laguntzaren onuradun, alokatze kontratua guztiek sinatu eta gainontzeko beste baldintza guztiak betetzen badituzte. Alokairuak, gutxienez, urtebeteko iraupena izan beharko du.
Diru laguntzei dagokienez, eskatzaileen diru sarreren araberakoak izango dira. Hileko alokairuaren prezioaren %50 izango da, eta, gehienez, 200 eurokoa. Deialdi horren kontura jaso daitekeen diru laguntza 2017ko errentari dagokiona izango da.
Diru laguntza horien helburuak honakoak direla esan du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak: alde batetik, gazteei emantzipazio bidean laguntzea, eta, bestetik, gazteak Alde Zaharrera erakartzea etxe hutsak merkaturatuz, Alde Zaharra biziberritzeko helburuagaz.