Bermeok Bakiorako Bizkaibus zerbitzua zapatu eta jai egunetan mantentzeko eskatu du
Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio Bermeotik Bakiora doan Bizkaibus zerbitzua zapatu eta jai egunetan ez kentzeko.
Bermeoko alkateorde Benito Ibarrolazak azaldu duenez, “udaldia amaituta, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Bakio lotzen dituen Bizkaibus zerbitzua murriztu du, eta zapatu eta jai egunetako bidaia guztiak bertan behera uztea erabaki du”.
Ibarrolazak gogorarazi duenez, Bizkaibus zerbitzuaren A3524 linea da Bermeo eta Bakio artean garraio publikoa eskaintzen duen lotura bakarra. Linea horrek, gainera, Bermeo eta Arane-Gibelortzaga auzoa lotzen dituela ere aipatu du: “auzo horretako bizilagunak, hortaz, garraio publikorik barik uzten dituzte”.
Ibarrolazak aldundiak udalaren eskaera onartzea espero du: “garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko, autobusen maiztasunak herritarren beharrizanetara egokitzea ezinbestekoa da”.