Arrano tabernaren 25. urteurrena ospatuko dute zapatuan, Gernikan
Hainbat bazkideren artean Gernika-Lumoko Arrano taberna kokatuta dagoen eraikina erostea erabaki zuten, duela 25 urte. Hala, mende laurden igaro den honetan, Arranoren aldeko jaia antolatu dute.
Egun osoko egitaraua prestatu dute zapaturako. 13:00etan hasiko dute eguna, ekitaldi eta omenaldiagaz, eta ostean, Arrano kantari taldekoek doinuz jantziko dute ingurua. 15:00ak inguruan bazkaritan elkartzeko ordua jarri dute Arrano aurrean. Txartelak salgai dituzte Arranon bertan eta Ospa tabernan, eta bihar da horiek erosteko azken eguna. Bazkalostean, bertsoak ekarriko ditu Lilibertsok. Eta 18:30ean hasita, kantuan eta dantzan jarriko ditu Joxpa erromeriak bertaratutakoak. Hala, eguna jaia eginez amaituko dute.
Duela 15 urte egin zuten 35/02 auziko lehen operazioa, eta horren barruan, Espainiako Auzitegi Nazionalak 103 herriko taberna ixteko epaia eman zuen 2015eko uztailean; tartean, Gernika-Lumoko Arrano Kultur elkartea, Bermeoko Bolatoki, Lekeitioko Galarrena, Markina-Xemeingo Amaiur, Ondarroako Uxola eta Mutrikuko Zubixa. Epaia irmoa da, baina helegitea jarrita daukate Estrasburgon. Sententzia edozein momentutan aplikatu dezakete, eta Arrano itxi.