Arrate Egaña idazleak gidatuko du aurrerantzean irakurleen txokoa
Urriaren 19an egingo dute ikasturteko lehenengo saioa. Hileroko hirugarren eguenetan batuko dira, 18:30etik 20:00etara bitartean. Parte hartzeko udal liburutegian eman daiteke izenaUrriaren 19tik aurrera, etapa berri bati ekingo dio Bermeoko Udal Libur...
Urriaren 19an egingo dute ikasturteko lehenengo saioa. Hileroko hirugarren eguenetan batuko dira, 18:30etik 20:00etara bitartean. Parte hartzeko udal liburutegian eman daiteke izena
Urriaren 19tik aurrera, etapa berri bati ekingo dio Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskara Sailak antolatzen duten irakurleen txokoak. Etapa berri horretan Arrate Egaña idazlea izango da dinamizatzailea.Egañak uste du «aberatsa eta aberasgarria» izango dela irakurleen txokoko etapa berri horretan dinamizatzaile lanak egitea, eta beretzat «erronka garrantzitsua» dela esan du. Saioak «atseginak eta parte hartzaileak» egin gura dituela dio Bermeoko bizilagunak. Hala, etapa berria «ilusio handiz» hasiko du.
Taldea hileroko hirugarren eguenetan batuko da, 18:30etik 20:00etara bitartean, udal liburutegian. Oraingoz, hamalau lagunek eman dute izena, baina taldea zabalik dagoela gogorarazi dute. Izena eman gura dutenek udal liburutegira jo beharko dute.
Liburuak erabaki
Urriaren 19ko lehen saioan Jhon Cheever idazlearen Igerilaria ipuinaz ariko direla esan du Egañak. Ondoren, partaide guztien artean ikasturtean irakurri eta komentatuko dituzten liburuak erabakiko dituztela jakinarazi du. Egañak zerrenda bat prestatu du, baina zerrenda hori ez dela «itxia» gaineratuta. Hala ere, bere ustez, liburu interesgarriak aukeratu dituzte, eta denetarik dagoela dio: klasikoak, egungoak, bertoko idazleek euskaraz sortutakoak, itzulpenak…
Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egiten jarraituko dutela esan du Bermeoko euskara teknikari Maite Alvarezek: «Idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute, eta oso interesgarriak izaten dira».
Ikasturte bakoitzean zortzi liburu irakurri eta haiei buruz berba egiten dute irakurleen txokoan. Parte hartzaileek udal liburutegian eskatu ahal izango dituzte irakurleen txokorako irakurri beharreko liburuak.
Irakurleen txokoagaz euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatu eta euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera eman gura dituzte. Era berean, parte hartzaile guztiak gustura egotea eta taldeko partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea ere badute helburu.