Zapatuan
73-80 galdu zuen Snatt’s Sant Adriaren kontra, Madrilgo Magariños pabiloian.
Jarrera oldarkorragoa, biziagoa falta izan zitzaion talde gernikarrari.
Mailaz igo den talde katalaneko
Belen Arrojo hegaleko jokalari andaluziarrak buruhauste bat baino gehiago eragin zien Lointeken jokalariei. Arrojo Cadi La Seu taldetik heldu da Snatt’s Sant Adriara eta haren esperientzia igarri zen. Gernika-Lumoko taldetik
Aishah Sutherland eta Anna Gomez jokalariek lortu zituzten saskiratze gehien.
Lointekeko neskek
markagailuan aurretik hasi zuten Dia Ligako lehenengo jardunaldia. Sutherland, Gomez eta Juana Molinaren eskutik 10-4 jarri ziren aurretik. Hala ere, talde katalaneko jokalariek ez zuten hutsik egin, eta markagailuari buelta eman zieten (13-17), eta Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Lopezen aginduek eragin zuzena izan zuten, eta puntu bakarreko aldeagaz bada ere, markagailuan aurretik bukatu zuten lehen laurdena (18-17).
Juana Molina Lointek Gernika Bizkaiaren jokalaria baloiagaz.
Argazkia: Gernika KESB.
Bigarren laurdenean talde katalanaren jokalarien kanpoaldeko jaurtiketek min handia egin zieten talde gernikarrekoei. Erasoan zein defentsan lan handia egin zuten, baina markagailuko aldeari eusten zien Snatt’s Sant Adriaren neskek, eta Lointekekoek bazekiten partidua irabazteko ezinbestean
jokoa hobetu behar zutela.
34-38 emaitzagaz joan ziren
aldageletara, eta atsedenalditik bueltan, Lointek defentsa gehiago sendotzen ahalegindu zen. Hala, une batez markagailuan aurretik jartzea lortu zuen, baina ez zen nahikoa izan; defentsa lan indartsuari jarraipena ematea falta izan zitzaien jokalariei. Erasoko jokaldiei dagokienez, Molinak jarrera erasokorrari eutsi zion, baina zenbait momentutan bakarrik egon zen.
Egoerari buelta emateko asmoagaz, eta 44-51ko markagailuagaz zeudela, hutsartea eskatu zuen Lopezek. Gero, talde seguru eta eraginkorrena osatzeko ahaleginean, boskotean errotazioak egin zituen, baina katalanak erasokorrago zeuden kantxan, eta hori giltzarria izan zen.
Naiara Diez Lointek Gernika Bizkaiaren kapitaina.
Argazkia: Gernika KESB.
Azken laurdenean gogor animatu zuten Madrilera joandako zale gernikarrek. Sei puntuko aldea zuten markagailuan eta Lointekeko jokalariak ez zeuden amore emateko prest. Garaipenagaz bueltatu gura zuten etxera, eta ahalegin betean aritu ziren azken momentura arte.
Hirukoei esker, azken laurdenaren hasierako minutuetan Lointek aurretik jarri zen markagailuan (67-66). Arrojo amesgaiztoa izan zen Gernika-Lumoko taldearentzat. Bartzelonako taldeak 2-14ko partzialagaz markagailua iraultzea lortu zuen: 69-80.
Etzi etxean. Zapatuko porrota ahaztu, eta 2017-2018 denboraldiko bigarren jardunaldiari begira jarrita daude Lointek Gernika Bizkaiako jokalari, entrenatzaile zein talde teknikoko kideak. Izan ere, eguaztenean (urriak 4) Malosten lehiatuko dute ligako bigarren partidua.
20:00etatik aurrera Quesos El Pastor Zamorako taldearen kontra jokatuko du.