Basurdeak garaipenik barik bueltatu dira Valladolidetik
Ligako hirugarren jardunaldia jokatu, eta denboraldiko lehen porrota hartu du Gernika Rugby Taldeak. VRAC Quesos Entrepinares Valladolideko taldearen defentsari ezin izan diote aurre egin Eduardo Maidagan eta Nico Martinezen mutilek. 48-12-ko markagailuarekin, oraingoan esku hutsik bueltatu dira gernikarrak etxera.
Gogotsu hasi zuten atzoko partida GRTko jokalariek, baina VRAC-ekoek joko bikaina erakutsi zuten partidaren lehen minutuetan, euren nagusitasuna finkatuz. Partida hasi eta 18. segunduan egin zuten etxekoek lehen entsegua. Partidan sartzeko ahaleginak egin zituzten basurdeek, baina zail zuten Valladolideko taldearen defentsa apurtzea. Zigor-kolpe baten ondorioz, partidaren laugarren minutuan gehitu zituzten etxekoek puntuak markagailura (8-0); eta 11. minutuan sendotu zuten bi taldeen arteko aldea: John Bell-ek entsegua lortu eta berau transformatu egin zuen VRAC Quesos Entrepinaresek, markagailua 15-0 jarriz.
Bigarren zatian sententzia. Partida kontra zuten basurdeek, baina ez zuten amore eman. Norgehiagokaren lehen zatiak aurrera egin ahala, gernikarren jokoak ere nagusitasunean irabazi zuen, eta Pepe Rojoren eskutik heldu zen bisitarien lehen entsegua, eta handik gutxira lortu zuten bigarrena, markagailuko aldea nabarmen murriztuta (15-12). Lehen zatia amaitu orduko, baina, beste entsegu bat gehitu zuten etxekoek, eta 20-12-ko markagailuarekin erretiratu ziren jokalariak aldageletara.
Bigarren zatian ere gogotsu aritu ziren Maidaganen eta Martinezen mutilak; hala ere, Valladolideko taldeak joko erasokorra erakutsi eta puntuak gehitzea lortu zuen. 41-12-ko aldearekin, gernikarren animoak behera egin zuen. Partidaren azken zatian jarri zuen sententzia VRAC Quesos Entrepinaresek. Azken marka lortu eta 48-12-ko aldearekin amaitu zen partida. Basurdeak, beraz, punturik barik eta lehen porrotarekin bueltatu dira Gernika-Lumora.