Bozketa eguna dute gaur Katalunian. 5,3 milioi herritar daude deituta botoa ematera. Kataluniarrak erreferendumaren alde mobilizatu dira, baina euskal herritarrek ere beraien babesa adierazi diote. Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Busturialdean ere elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian; Arratzun, Busturian, Bermeon, Ean, Mundakan, Gernika-Lumon…
[Klik hemen argazkiak ikusteko]
Halaber, gaur eguerdiko elkarretaratzeez gain, lapiko-jotze deialdia zabaldu dute Euskal Herri osora,”espainiar bortizkeriaren, errepresioaren eta inposizioaren aurka”. Hala, 22:00etatik aurrera, lapiko hotsa izango da gauean Kataluniako gaurko eguna babestuko duena.
Boto kutxak 07:00etan hasi dira iristen bozkalekuetara eta 09:00etan zabaldu dituzte bozkalekuak. Handik gutxira iritsi dira Guardia Zibila eta Polizia bozkalekuetara, eta indarrez itxi dituzte zenbait. Hala ere, errolda unibertsala erabili du Kataluniako Gobernuak erreferendumerako eta horrek herritarrei edozein bozkalekutan bozkatzeko aukera ahalbidetu die, errolda bakarra izanik.
05:00etan hasi dira Guardia Zibilaren ibilgailuak Bartzelonako portutik ateratzen. Guztira, 10.000-12.000 polizia gehiago dira egunotan Katalunian, gehienak bi itsasontzitan pilatuta. Sareetan Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren indarkeriaren irudiak zabaltzen ari dira goizean goizetik. 12:00etarako, Espainiako polizien oldarraldien ondorioz, 38 lagun zauritu dira, eta horietatik hiru egoera larrian zeuden. 14:30erako, berriz, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 337 zauritu eragin dituzte erreferendumaren kontrako oldarraldietan, Kataluniako Gobernuaren arabera. Horietatik, gutxienez 54 lagunek zauri larriak dituztela jakinarazi du SEM Kataluniako emergentzia zerbitzuak, eta zaurituetako bati ebakuntza egin behar diote begian, gomazko pilota batekin jo duelako poliziak. Gomazko piloten erabilera debekatuta dago Katalunian, 2014. urteaz geroztik.