Antzinakoak 2018rako
Egutegia prestatzen ari da Gautegiz Arteagako Udala. Horretarako, argazkien lehiaketa antolatu du, herriko irudiak bildu asmoz.Hurrengo urterako egutegia prestatzeko argazki zaharrak behar ditu Gautegiz Arteagako Udalak. Antzinakoak. Hain zuzen,1965. u...
Egutegia prestatzen ari da Gautegiz Arteagako Udala. Horretarako, argazkien lehiaketa antolatu du, herriko irudiak bildu asmoz.
Hurrengo urterako egutegia prestatzeko argazki zaharrak behar ditu Gautegiz Arteagako Udalak. Antzinakoak. Hain zuzen,1965. urtearen aurretik ateratako erretratuak eskatu dizkiete herritarrei.Argazki lehiaketa deitu du, eta argazki horiekin 2018. urteko egutegia egingo du udalak. Hala, arteagarrek azaroaren 10era arteko epea dute gordeta dituzten argazki zaharrak lehiaketara aurkezteko.
Lehiaketak, baina, bestelako asmoak ere bete nahi ditu, memoria historikoa berreskuratzearen alde. Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek azaldu duenez, «herritarren laguntzari esker, herriko memoria historikoa berreskurtazeko burutu dugun lanaren ildoagaz jarraitu nahi dugu, eta gure iragana balioan jartzeko beharra sendatu asmoz, urteko egutegia Gautegiz Arteagako bizilagunen oroitzapenekin ilustratu nahi dugu».
12 argazki eta sariak
Lehiaketara, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu parte hartzaile bakoitzak, eta 1965. urte aurretik herrian egindakoak izan beharko dira.
Eskaneatuta, gutxienez 25 zentimetrokoak eta 300 ppp-ko erresoluzioan aurkeztu behar dira argazkiak lehiaketara. Hain zuzen, udala.gautegiz@bizkaia.org helbide elektronikora edo udaletxera bertara (Herriko Enparantza 1, Gautegiz Arteaga, 48314) bidali behar dira, azaroaren 10eko 12:00ak baino lehen.
Iragana eta oraina ilustratu nahi ditu Gautegiz Arteagako Udalak. Lehiaketara aurkezten direnen artean sariak banatuko ditu: 60 euro hartuko ditu lehenengo saridunak, 50 euro bigarrenak eta 40 hirugarrenak.
Egutegian agertzeko 12 argazki aukeratuko dituzte, eta, gainontzeko bederatzi argazkien jabeek 30 euroko diru saria hartuko dute. Sariak abenduaren 22an banatuko dituzte.