Aireko Topagune Bertikala egingo dute, lehenengoz, Mendexan
Barikuan hasi eta domekara arte elkartuko dira frontoian. Parte hartzeko, izena eman behar da, posta elektronikoz edo telefonoz. Leku mugatuak daudeEtzi hasi eta domekara arte, askotariko ikastaroak eskainiko dituzte Mendexako frontoian egingo duten I....
Barikuan hasi eta domekara arte elkartuko dira frontoian. Parte hartzeko, izena eman behar da, posta elektronikoz edo telefonoz. Leku mugatuak daude
Etzi hasi eta domekara arte, askotariko ikastaroak eskainiko dituzte Mendexako frontoian egingo duten I. Aireko Topagune Bertikalean. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, eta leku mugatuak daude.Izena 687 83 15 41 telefono zenbakira deituta eman behar da, eta nahi izanez gero, helbide elektroniko honetara idatzita: laglozirkodantza@gmail.com. Etzi da izena emateko azken eguna.
Adin guztientzako ikastaroak izanik, ume, gazte zein nagusiek parte hartu ahal dute. Sasoian egotea eta altuerei beldurrik ez izatea dira bete beharreko baldintza bakarrak.
La Glo Circo konpainiako bost irakaslek emango dituzte tailerrak. Konpainia desberdinetako kideek osatzen dute La Glo Circo. «Mendexako frontoiak aukera asko ematen dizkigu. Leku askotan eman ditugu tailerrak, baina eskualde honetan lehenengoz egingo dugu halako topaketa bat». Azaldu dutenez, izena ematen dutenen adinaren arabera osatuko dituzte taldeak.
Trapezioak, uztaiak, oihalak, sokak eta antzeko elementuak erabiltzen irakatsiko dute ikastaroetan. Besteren artean, dantza bertikala, binakako aireko soka-teknikak, puntu finkoak eta elastikoak landuko dituzte.
Barikuan 16:00etan ondoetorria eman, eta 17:00etatik 19:00etara egingo dute lehenengo ikastaroa. 21:00ak arte emango dute bigarrena. Zapatuan lau ikastaro egongo dira; 10:00etatik 14:00etara ariko dira, eta eguerdiko atsedenaldiaren ostean, 17:00etan ekingo diote lanari, 21:00ak arte. Domekan, ostera, 10:00etatik 20:00ak arte emango dituzte ikastaroak (14:00etatik 16:00etara, atsedenaldia).
Kabareta
Tailerrak ez ezik, bariku eta zapatu gauerako herritar guztiei zuzendutako ekitaldiak prestatu dituzte. Hain zuzen, etzi Saritah-ren kontzertua (22:30) egongo da, eta zapatuan KAbaRetea Aeireko deritzon kabareta eskainiko dute, 22:30etik aurrera.