26 artisten Urdaibai
Urdaibai bakarra dago, baina hamaika izan daitezke begiratzen duten pertsonen begietan. Hitzekin ez ezik irudien bitartez azaltzen duenik ere badago; kale artistak, esate baterako.Grafitien bitartez, kolore berezia hartu dute asteburuan Gautegiz Arteag...
Urdaibai bakarra dago, baina hamaika izan daitezke begiratzen duten pertsonen begietan. Hitzekin ez ezik irudien bitartez azaltzen duenik ere badago; kale artistak, esate baterako.
Grafitien bitartez, kolore berezia hartu dute asteburuan Gautegiz Arteagako txoko ezberdinek. Eguraldia lagun, lan eta lan aritu ziren 26 kale artista zapatu eta domekan.Askotariko estilo eta euskarriak erabiltzen aritu ziren; denek, baina, gai bera landu beharra izan zuten: Urdaibai. Irudia, hala ere, bakoitzak berea aukeratu zuen.
Migel Atutxa eta Danel Kastaño elkarregaz aritu ziren lanean. Atutxarentzat «hormairudi bat gehiago» izan zen asteburuan margotutakoa, bere eguneroko lana baita hori. Kastaño, hala ere, «pozik» zegoen eman dioten aukeragaz, zaletasunez egiten baitu. Mawa ere «oso pozik» zegoen Gautegiz Arteagan: «Ideia oso ona eduki dute, leku lasai batean lanean ari gara, eta gure arteko topaketa bat ere bada».
Ibon Lopez eta Maialen Muruetagoienaren arabera, «luxua» da eman dieten aukera, eta Gautegiz Arteagako Udalaren parte hartzea eskertu dute. Arteaz lan egitea «zaila» dela dio Muruetagoienak, baina hortik bizitzea gustatuko litzaiokela aitortu du. Lopezek, berriz, ez du artea lanbidetzat nahi: «Nahiago dut zaletasuna izatea, bestela, nekatu egingo nintzateke».
Eguzkipean lanean, pozik zegoen Azuri. «Jendeak gure lana ikusteko aukera izango du, letrak baino gehiago egiten duguluko», esan du.
45 minutuan egiteko ibilbidea osatuta, herriko hamasei tokitan egin dituzte grafitiok; hala nola, Urdaibai Bird Centerren, Aberasturi apartamentuetan, Gazteluan edota udaletxean.
Hamasei bazter eta 26 artista. Lekuak baino hamar gehiago izan dira horietan marrazten aritu diren herritarrak: As11, Aspe, Azuri, Belar, Decima, Eik, Goal, Habese, Juan Sen, Keie Kero, Kzn, L.A, Mai, Mawa, Oner, Puzle, Roke, Rope, Say, Siakone Somke Signalas Studio, Sock, Uka, Wesh, Zermounoz, kasuan kasu. Gehienak bizkaitarrak izan arren, Malaga edo Jaenetik (Espainia) iritsitakoak ere egon dira Ibilaldi of Styles ekimenean parte hartzen.