67-65 galdu zuen atzo Lacturale Araski talde gasteiztarraren aurkako finala. Hain zuzen, iazko finalean ere aipatu bi taldeak aritu ziren zein baino zein gehiago, oraingoan, baina Gasteizko taldeak irabazi du kopa.
Gernika-Lumoko taldeari erregulartasuna falta izan zitzaion atzoko finalean, eta bigarren zatiko Araskiren
zortzi hirukoak erabakigarriak izan ziren.
Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak dudaz beteta egon ziren hasieran. Aurkariek ondo aprobetxatu zuten hori, eta 10-0 aurre hartu zuten markagailuan. Talde gernikarra defentsa lanean jarri zuen erdigunea, eta hasierako minutuetan
Juana Molina eta
Aishah Sutherland nabarmendu ziren. Araskik 2-16 partziala lortu zuen.
Hurrengo minutuetan Gernika-Lumoko taldea eroso ikusi zen kantxan; joko arinagaz eta defentsan aurrea hartuz jokatu zuen. Gainera,
Marta Alberdi harrobiko jokalariari debutatzeko aukera eman zion Mario Lopezek.
Hala, Araskiren jokoa zailtzea lortu zuen Lointekek. Besteren artean,
Ameryst Alstonek momentu onetan dela erakutsi zuen. Atsedenaldira heldu aurretik
Aitana Vergarak debutatu zuen, eta talde gernikarra hamar puntuko aldeagaz joan heldu zen atsedenaldira (29-39).
Ezkerrean lehenengoa Izaskun Garcia muxikarra Araskiko jokalaria.
Aldageletatik bueltan, Gasteizko taldea indartsu kantxaratu zen; hiru hiruko jarraian egin zituen. Hirugarren laurdenean alde estua ikusi zen bi taldeen artean; jokalari batzuek zein besteek Euskal Koparen titulua etxera eroan gura zuten, eta ahalegin betean aritu ziren denak. Parekotasun horren adibide dira 45-46 eta 52-51 markagailuak.
Azken minutuetan Gernika-Lumoko taldeak ez zuen gustura jokatu. Jariakortasun faltagaz eta jokaldietan asmatu ezinik ikusi zen. Araski, ostera, eroso eta bete-betean asmatzen zebilen. Anna Gomezen eskutik heldu ziren Lointeken azken zortzi puntuak, baina horiek ez ziren nahikoa izan kopako titulua berresteko.
Zapatuko finalerdia
Lointek Gernika Bizkaia zapatuan GDKO Ibaizabali irabazita sailkatu zen atzoko finalera. 66-54 nagusitu zen talde gernikarra. Galdakaoko taldeak bigarren mailan egon arren, aurkari zaila dela erakutsi zuen, eta Lointekeko jokalariei finalerako txartela lortzeko sufritzea tokatu zitzaien.