Gernika-Lumoko Udalak legitimotasun osoa aitortu dio Kataluniako erreferendumari
Gernika-Lumoko Udalak Kataluniako prozesuari babesa emateko adierazpen instituzionala onartu du bozeramaileen batzordean. Izan ere, “askatasunean adierazitako herritarren borondatea edozein herri edo talderen etorkizuna eraikitzeko tresna politikorik eraginkorrena” dela deritzo. Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatu dio “demokraziaren funtsezko abiaburuen kontrakoa den oinarrizko askatasunen errepresio-estrategian atzera egin dezan eta Kataluniak bere borondate demokratikoa adierazteko aukera izan dezan”.
Adierazpenaren bitartez, bere “gaitzespena eta kezka” adierazi du “Kataluniako autonomiaren izatezko esku-hartzearen aurrean eta Generalitaten instalazioen miaketak eta zilegizko herri-ordezkarien atxiloketak ekarri dituen estatuko segurtasun indarrek burututako polizia operazioen aurrean”.
Hala, Gernika-Lumoko Udalak “funtsezko printzipio demokratiko guztiekiko konpromisoa” berretsi eta Espainiako Gobernuak zuzendutako errepresio politikoa eta antidemokratikoa pairatzen ari diren pertsona zein instituzio orori eta Kataluniako herriari elkartasuna adierazi die.
Eta elkartasun hori adierazteko, elkarretaratzea egin zuen zapatu eguerdian, udaletxe aurrean.