Basurdeek garaipenagaz hasi dute denboraldia
Gernika RTk etxetik kanpo lehiatu du Heineken Ligaren lehenengo jardunaldia. Gernika-Lumoko taldea 12-26 nagusitu zaio Getxo Artea RTri. Hiru entsegu lortu dituGernika Rugby Taldeak bikain hasi du denboraldia. Domeka eguerdian 12-26 irabazi zion Getxo ...
Gernika RTk etxetik kanpo lehiatu du Heineken Ligaren lehenengo jardunaldia. Gernika-Lumoko taldea 12-26 nagusitu zaio Getxo Artea RTri. Hiru entsegu lortu ditu
Gernika Rugby Taldeak bikain hasi du denboraldia. Domeka eguerdian 12-26 irabazi zion Getxo Artea RTri. Lehen jardunaldian lortutako lau puntuei esker, Ohorezko Mailaren sailkapenean laugarren dago.Aurretik dauden beste hiru taldeek bosna puntu dauzkate. Sanitas Alcobendas Rugby dago sailkapenburu, eta VRAC Quesos Entrepinares eta SilverStorm El Salvador daude bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Domekan etxeko taldeak hartu zuen partidaren kontrola, eta gaztigu-ostiko bati esker markagailuan aurrea hartu zuen 4. minutuan: 3-0.
Baina Gernika RTk berehala erantzun zuen, eta Bruno Mercantiren irteera baten ostean, Iker Olaetak gaztigu-ostiko bat transformatu eta berdinketa lortu zuten.
Eduardo Maidaganek eta Nico Martinezek zuzentzen duten taldea zelaian lekua hartzen hasi zen, eta 14. minutuan beste gaztigu-ostiko bategaz markagailuan aurrea hartu zuen.
Hala ere, etxeko taldeak ez zuen etsi, eta gaztigu-ostiko bategaz markagailua berdindu zuen.
Epinalek lehen entsegua
34. minutuan heldu zen partiduko lehen entsegua; basurdeen irteera azkar batean, Facundo Epinal taldera heldu berriak lortu zuen Gernika RTren denboraldiko lehenengo try-a. Olaetak ez zuen transformatu (6-11).
Atsedenaldira heldu aurretik, Getxo Artea berdinketaren bila aritu zen. Erasora joz, gaztigu-ostiko bati esker hiru puntu lortu zituen, eta 9-11 amaitu zen lehenengo zatia.
Gernika-Lumoko taldeak zelaira irten eta berehala beste hiru puntu eskuratu zituen, baina getxoztarrak ez ziren atzean geratu, eta gaztigu-ostiko bategaz aldea murriztu zuten (12-14).
Markagailuko alde estua ikusita, basurdeek bazekiten garaipena lortzeko dena eman behar zutela, eta horrela egin zuten. Jokaldi eder bategaz, 55. minutuan bigarren entsegua egin zuten; Mateo Bast indartsu sartu zen aurkarien defentsan, eta entsegua lortu zuen. Jokaldi horrek eragin nabarmena izan zuen basurdeen jokoan. Zelaian eroso zeudela igarri zen, eta partiduaren kontrola bereganatu zuten. Hala, Santiago Viañak neurketa erabakita utzi zuen beste entsegu bat egin zuen. Partiduko azken minutuetan laugarren entsegua egiten ahalegindu zen talde gernikarra.