Seigarren liga garaipena lortu du talde bermeotarrak (15 jokatu ditu). Arratsaldean arraunlariek merezitako harrera eta omenaldia jasoko dute etxean.
20:00etan hartuko dituzte Lamerako agertokian.
Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen berbetan,
denboraldi “izugarria” egin du herriko arraun elkarteak, eta erakutsitako kirol maila oso ona izan da: “Horregatik bermeotarrok merezi duten moduan eman nahi diegu harrera. Bermeoko herriak eskerrak eta zorionak eman nahi dizkie egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik. Gure arraunlariak eredugarriak dira. Harro eta pozik gaude”. Arraunlariak zoriontzeagaz batera, zuzendaritza taldeari eta talde teknikoari ere eskerrak eman dizkie. Halaber, zaletuek taldeari emandako laguntza eta babesa “ezinbestekoak” direla azpimarratu du Bidegurenek.
7 bandera irabazi, eta
201 puntugaz nagusitu da Urdaibai. Hondarribiak 196 puntugaz amaitu du denboraldia (6 bandera), eta Orio hirugarrenak 181 puntu bildu ditu (4 bandera).
Argazkia: Eusko Label Liga.
Urdaibairen eta
Orioaren artean egon da
gaur bandera irabazteko lehia. Atzo Bermeon legez, gaur ere Eneko Bilbao bermeotarra aritu da patroi lanetan.
Bermeoko taldeak 19:10.10 markagaz irabazi du denboraldiko azken estropada. Orio 5 segundo eta 32 ehunenera sailkatu da. Hasieran Orio izan da estropada buru, eta hiru bat segundoko aldeagaz atzetik zuen Urdaibai. Lehenengo ziabogan, 4 segundo eta 43 ehuneneko aldea atera dio, baina bigarrenerako aldea erabat murriztu da. Hain zuzen, 23 ehunenera sailkatu da Bermeoko taldea bigarren ziabogan. Hirugarren luzean parean ziren bi traineruak, eta hirugarren eta azken ziabogan bermeotarrak oriotarrengandik 66 ehunenera sailkatu dira. Gero, laugarren luzean estropada buru jarri da Urdaibai. Hiruzpalau segundoko aldea zuten bermeotarrek, eta tarte horri eustea lortu dute.
Estropada hasi aurretik
Joseba Fernandez Urdaibaiko entrenatzaileak adierazi du gaurkoa final bat bezala hartu dutela: “Lehia izugarria egon da denboraldi osoan zehar. Zaila izango zaigu, tentsio eguna delako; ez da erreza izango urduritasun hori ondo bideratzea”.
Lehia amaitu ostean,
Erlantz Egia arraunlari gaztea eta Bermeoko herria izan ditu gogoan Fernandezek: “Estropada bakarra jokatu du, eta asko sufritu du. Arraunlari handia da; berak pentsatzen du ezetz baina arraunlari oso handia da, eta etorkizunean demostratuko du”. Bermeoko herria zer den azaltzeko “hitzik ez” duela esan du: “Hau beraiena da, eta espero dut arratsaldean denak han ikustea, beraiekin disfrutatzeko”. Bandera irabaztea “gaitza” egon dela adierazi du. Datorren denboraldian ere Fernandez izango da Urdaibaiko entrenatzailea.
Mikel Ojeda Urdaibaiko arraunlari bermeotarrak poztasun handia dutela zehaztu du: “Presio handia izan dugu irabazteko, eta uste dut lortu dugula, ondo gainera. Urte guztiko emaitza hau izan da”.
Eneko Van Horenbeke arraunlariarentzat azken estropada izan da gaurkoa. Hurrengo denboraldian Getxoko taldeko entrenatzailea izango dela aurreratu du. Gaurkoa egun berezia dela nabarmendu du, eta klubari zein Bermeoko herriari “emandako maitasuna” eskertu die.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Zierbena nagusi lehenengo txandan
Lehenengo txandari dagokionez, Zierbena izan da azkarrena. Hasieran San Juan egon da estropada buruan, eta lehenengo ziabogan bera sartu da lehenengo, bigarrenean, berriz, Zierbena sartu da aurretik. Hirugarren luzean San Juan jarri da berriro ere estropada buruan, eta 15:13.69 markatu du azken ziabogan; 1.10-era sartu da Zierbena, 4.43-ra Ondarroa, eta 29.93-ra Tiran.
Baina,
laugarren luzea erabakigarria izan. San Juan eta Zierbena parean ziren, eta Ondarroa bi segundora zuten, baina Zierbenak alde handitzea lortu du; 4-5 segundoko aldea atera die. Amaieran 19:48.60 markatu du Zierbenak. Ondarrutarrak 3 segundo eta 25 ehunenera sailkatu dira, eta sanjuandarrak 5 segundo eta 10 ehunenera. Tirani alde nabarmena atera diote hirurek; talde galiziarrak txandako irabazlearengandik 36 segundo eta 74 ehunenera amaitu du estropada.
Santurtzi eta Donostiarra TKEra
El Corte Ingles Banderaren aurretik
Play off–etako bigarren eta azken jardunaldia lehiatu dute. Atzo Bermeon moduan, gaurkoan ere Santurtzi izan da onena; 20:08.48 behar izan ditu estropada burutzeko.
Hain zuzen, atzo Bermeon jokaturiko
lehenengo jardunaldiaren sailkapen bera geratu da Portugaleten. Esan moduan, Sotera izan da azkarrena, eta atzetik Donostiarra sartu da segundo bat eta 80 ehuneneko aldeagaz. Ondorioz, bi euskal taldeek TKEn jokatuko dute hurrengo denboraldian.
Samertolameu izan da hirugarrena, lehenengoarengandik 9 segundo eta 34 ehunenera. Ares laugarrena 24 segundo eta 18 ehunenera sailkatu da, eta Puebla, azkena, 46 segundo eta 20 ehunenera.
EL CORTE INGLES BANDERAREN SAILKAPENA:
- Urdaibai 19:10.10
- Orio 19:15.42 (+5.32)
- Kaiku 19:24.36 (+14.26)
- Hondarribia 19:37.22 (+27.12)
- Zierbena 19:48.10 (+38.00)
- Ondarroa 19:51.46 (+41.36)
- San Juan 19:56.20 (+46.10)
- Tiran 20:24.84 (+1:14.74)
PLAY OFF–A (bi jardunaldiak batuta):
- Santurtzi (10 puntu) 40:41.38
- Donostiarra (8 puntu) 40:44.36
- Samertolameu (6 puntu) 40:55.78
- Ares (4 puntu) 41:30.16
- Puebla (2 puntu) 42:05.24