Santa Eufemia egunez, baserritarrei esker ona adierazi eta haiek omentzeko eguna dute Bermeon. Aurten Sabino Ugalde, Pedro Telletxea eta Lurdeia landa etxeko ordezkariak omendu dituzte Santa Eufemia enparantzan. Udalbatzako kideak eta herritarrak kalejiran heldu dira bertaraino. Eguraldia lagun izan ez arren, aterkipean herritar asko batu da. Omenaldiaren ostean, balkoitik balkoira bertso saioa eskaini dute Onintza Enbeita, Miren Amuriza eta Iratxe Ibarra bertsolariek.
Etengabeko euriak ez du jai giroa zapuztu. Lamerako
nekazal azokan, eta Taraskako
abereen erakusketan jendearen joan-etorria etengabekoa izan da. Aurten, gainera, nekazaritza makineria ere ikusgai egon da. Aiarako musika bandako, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsako kideak ere kalera atera dira, baina euritik babesteko Lamerako agertokian eskaini dute emanaldia.
Euskal Oiloaren III. Txapelketa hartu du gaur Bermeok. Gainera, sari nagusia etxean geratu da. Hain zuzen,
Sergio Aretxe bermeotarraren 25. kaiolako leposoila da aurtengo Bizkaiko txapelduna.
100 bat oilo egon dira, eta mota bakoitzeko sariak ere banatu dituzte. Gorria motako irabazlea Ibai Gojenola amorotoarraren 4. kaiolako oiloa izan da, 94 puntugaz. Zilarra motako onena, berriz, Gotzon Arrieta eatarraren 57. kaiolako oiloa izan da (95 puntu). Bestalde, Sodupera bi sari joan dira; Leposoila motako irabazlea Miguel Angel Garairen 39. kaiolako oiloa izan da (95 puntugaz), eta Garairen 47. kaiolako oiloa nagusitu da beltza deritzon motan. Marraduna motan, ostera, Jorge Añibarroren 12. kaiolako oiloak lortu ditu puntu gehien (95 puntu).
Sergio Aretxe bermeotarra (eskumatik lehenengoa) nagusitu da Euskal oiloaren Bizkaiko III. Txapelketan.
Arratsaldean estropada
Gauean doluzko ibilbidean elkartu, eta
Xixili agurtu aurretik
(22:00), arratsaldean hitzordu garrantzitsua dute bermeotarrek. Bihar amaituko den Eusko Label Ligako 35. Bermeoko Uria Ikurrina lehiatuko dute sailkapeneko lehenengo zortzi taldeek. Zierbena, San Juan, Tiran eta Ondarroak osatuko dute lehen txanda, eta
Urdaibai, Hondarribia, Orio eta Kaiku aterako dira ohorezko txandan.
Aurretik, baina,
18:00etan hasita, igoera eta jaitsierako
play off fasearen lehenengo jardunaldia egongo da jokoan.
Bost ontzi lehiatuko dira: S.D.Samertolameu, C.R Puebla, Donostiarra, Santurtzi eta Ares.
Erlojupeko proba izango da, eta 5.556 metroko ibilbidea egin beharko dute.