[ERREPORTAJEA] Gaztetxoei zestak konpontzen irakasten
Gernika Jai Alai Eskolan zestak eta pilotak konpontzen aritzen da arratsaldero Juan Ramon Rementeria ‘Remen’, urrezko garaietako kontuak ikasleei kontatuz.
Oro har, zesta eskolek erakunde publikoen aldetik laguntza gutxi dutela dio, eta zuzendaritzakoek babesleak topatzeko egiten duten lanari txalogarria deritzo. “Laguntasunik ia ez dago, hori da tristeena. Esku pilotak duen laguntza izatea izugarria litzateke. Ea denon artean egoera hobetzea lortzen dugun; gazteentzat laguntza topatu behar dugu. Gernikarentzat zesta izan denagaz, eta inork ez du laguntzen”. 17 urtegaz Ameriketara joan zenetik 46 urtegaz erretiroa hartu arte, zestaren garairik oparoenak zein latzenak bizi izan ditu. 1972an Miamira joan, eta Floridan World Jai Alairen frontoietan jokatu zuen. Miamin bederatzi urte egin zituen, eta gero Connecticuten hamar bat urte. 1991n bueltatu, eta Munduko Txapelketa irabazi zuen. “Orduan ostera ere zesta gogoz hartzen hasi nintzen. Gero, beste bost bat urte egin nituen jokatzen; buruak bai, baina hankek ez zidaten laguntzen; ez zuten ondo erantzuten, beti motz geratzen nintzen. Hankak baldartu zitzaizkidan; lehenagoko bizitasuna falta nuen”. Semea ere herriko frontoian hasi zen zestan, eta, pare bat urtez Ameriketan egon ostean, beste bide bat hartu zuen: “Nire ametsa semeagaz jokatzea zen, toreroen moduan alternatiba emateko”, dio barrez. “Uste dut neurria altutxo ipini niola. Berak nahi izan balu jarraituko luke orain ere; modu onak eduki zituen”. Munduko Txapelketaren ostean, Ameriketara bueltatu, eta hiru bat hilabete egon zen han. Greben ostean pilotarien artean “giro eskasa” zegoela eta frontoietan ikusle gutxi batzen zela dio. Garai oparoenekin alderatuta, “alde itzela” igarri zuen. Egunero-egunero haiek ikusten gutxienez 2.500-3.000 pertsona egotera ohituta zeuden, eta, bueltatu zenean, 200 bat pertsona batzen ziren frontoian. Eta soldatak ere ez ziren garai batekoak. “Pena ematen zuen. Gainera, pilotarien artean ere giro txarra zegoen. Ilusioa galdu nuen, eta hona etortzea erabaki nuen”. Euskal Herrira itzuli, eta 1996an erretiratu zen. Azken lau partidak Gasteizen, Markina-Xemeinen, Durangon eta Gernikan jokatu zituen. Urri bueltan Jai Alain jokatu zuen azkena, eta agur omenaldi bat egin zioten. Esperantzaz Zestaren etorkizunaz galdetuta, itxaropentsu dago; azken urteetan egoera hobetu dela uste du: “Pilota nire bizia izan da beti, eta orain zesta hilda dago; pena da. Orain dela urte batzuk txarrago egon zen, baina eskolan ere gaztetxo asko hasi dira, eta Ameriketan, Miamin izan ezik, hobeto ikusten dut. Mexikon ere nahiko denboraldi ona egin dute”. Apurka-apurka egoera hobetzen ari dela dio, eta garai bateko distira berreskuratzea nahiko luke. Azken hiru urteetan sekulako aldea igarri du: “Esaterako, hemen udako Grand Slam txapelketan frontoia bete zen, eta gazte asko zeuden”. Kontatu duenez, 1968-1970ean Jai Alain astean lau funtzio egoten ziren, eta lauretan bete egiten zen frontoia. Nostalgiaz gogoratzen ditu garai haiek. Orain frontoiaren inguruan dauden etxebizitzen lursailetan zegoen frontoiko aparkalekua; handia zen, eta ez zen nahikoa. Gero, greba eta akziodunekiko gorabehera batzuk tarteko, frontoia itxi egin zuten. “Uste dut 1982tik 1991ra egon zela itxita. Gernikako diruagaz eraiki zen; herritarrek erositako akzioekin. Akziodunekin gorabeherak egon ziren, eta gero Miamiko frontoiak erosi zuen. Gero, 90eko hamarkadan, aldundiak eskuratu zuen”. Gernikako frontoia “munduko onena” dela deritzo. Jende gehien sartzen dena izan ez arren, egitura aldetik, altuera, kantxa zein bestelako ezaugarriengatik, bakarra dela argi du: “Mundu guztian ez dago halakorik, ez Mexikon, ez Kuban, ez Filipinetan, ez inon. Horietan denak antzekoak dira, Ameriketako modukoak, industrialak”.“Gazteentzat laguntza topatu behar dugu. Gernikarentzat zesta izan denagaz, eta inork ez du laguntzen”