Beldur Barik sariketara aurkezteko epea, zabalik
Gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko asmoz dator beste urte batez Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa. Parte hartzeko epea zabalik dago. Emakundek antolatuta badago ere, Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak et...
Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. «Neska eta mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarreragaz zelan aurre egiten dieten erakutsi behar dute lanek; hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin».
Antolatzaileek azaldu dutenez, «Beldur Barik ez da ikus-entzunezko lehiaketa soil bat. Aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar dute. Hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa islatu behar dute». Hortaz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko du epaimahaiak.
Bi kategoria daude: batetik, 12 eta 17 urte bitartekoak, eta 18 eta 26 bitartekoak. Lehiaketan bakarka edo taldeka parte hartzeko aukera dago. Sariei dagokienez, kategoria bakoitzeko lehen saridunak 500 euroko saria irabaziko du, eta aipamen bereziak, berriz, 300 eurokoa. Ikus-entzunezko ekoizpena baloratzeko saria emango dute, eta horregaz batera, herri bozketaren bitartez parte hartze saria ere banatuko dute. Bi kasuetan, irabazleak 300 euroko saria irabazteko aukera edukiko du. Herri bozketa Beldur Barik webgunearen (www.beldurbarik.org) bitartez egingo dela azaldu dute, azaroaren 24tik 27ra.
Lanak euskaraz
Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 13a izango da, eta sarituak, berriz, abenduaren 2an emango dituzte ezagutzera Eibarren egingo den topaketan.
Aurreko urteetan moduan, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko, Ondarroan egiten duten lanik onena sarituko dute. Lanak derrigorrez euskaraz aurkeztu beharko dira, eta pertsona edo talde bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahalko ditu.
Tokian tokiko epaimahaia osatuko da Ondarroako artelanak baloratzeko. Era honetara osatuko dela azaldu dute: hezkidetza batzordeko kide bat, ikus-entzunezko esparruko profesional feminista, Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kon- tseiluko ordezkari bat, berdintasun arloko zinegotzia eta berdintasun teknikaria
Ondarrutarren artean, kategoria bakoitzeko 400 euroko sari bana banatuko dute. Tokiko Beldur Barik sariaren irabazlea zein den jakinarazteko udalak ekitaldi bat antolatuko du. Bertan, lehiaketara aurkeztutako lanak ikusi ahalko dira. Herriko ekitaldi hori azaroaren 24an gingo dute, Etxelilan, 18:00etan.