Gernika RTk 2017-2018 denboraldiko aurkezpen jaia egingo du bihar
19:30etatik aurrera Basurde Tabernan elkartuko dira talde guztietako jokalariak, talde teknikoa zein zuzendaritzako ordezkariak, eta zaleak.
Musikaz girotutako ekitaldian, kategoria guztietako taldeak aurkezteagaz batera, txarri erre dastaketa eta bazkide txartel banaketa egingo dituzte, eta gura duenak bazkide egiteko aukera izango du. Era berean, denboraldi berriko kamiseta erosteko aukera ere egongo da.
Liga hasiera. Ohorezko Mailako taldeak domekan jokatuko du denboraldiko lehen jardunaldia, Getxo Artearen kontra. 12:00etan hasiko da Padurako partidua.
Eduardo Maidagan eta Nico Martinez entrenatzaileen aginduetara, denboraldi berriari ekiteko gogotsu daude basurdeak. Klubak hainbat fitxaketa egin ditu udan. Horietan azkena, Lionel Skipwith zeelandaberritarra da; martitzenean heldu zen Gernika-Lumora. Hala, Juan Cruz Guzman eta Santiago Viaña argentinarrek ere talde gernikarrean jokatuko dute, eta horiek herrira barikuan heltzea espero dute.
Halaber, Francisco Luis Montes, Federico Llanos eta Facundo Daniel Epinal jokalarien fitxaketen berri eman zuen uztailean klubak, eta Bruno Mercantiren itzulera ekainean jakitera eman zuten.
Bestalde, Mateo Bast, Nicolas Jurado eta Joaquin Palisak taldean jarraituko dute.