Omenaldi beroa jaso du Remenek Jai Alai frontoian
Juan Ramon Rementeria 'Remen' puntista ohia omendu zuten zapatu gauean Kaltzada Klasikoa zesta jaialdian. AEBetan jokatzen duten pilotari profesionalen bi partidez gozatu zuten Kaltzada egoitzaren aldeko jaialdian.Juan Ramon Rementeria Remen pilotari h...
Juan Ramon Rementeria ‘Remen’ puntista ohia omendu zuten zapatu gauean Kaltzada Klasikoa zesta jaialdian. AEBetan jokatzen duten pilotari profesionalen bi partidez gozatu zuten Kaltzada egoitzaren aldeko jaialdian.
Juan Ramon Rementeria Remen pilotari handiari merezitako omenaldia eskaini zioten zapatu gaueko Kaltzada Klasikoa jaialdian.Puntista moduan haren ibilbidea aitortu, eta hark oraindik ere egiten duen lana goraipatzeko omenaldia izan zen.
Hain zuzen, Juan Ramon Rementeria Remen (Bermeo, 1955) Gernikako Jai Alai frontoian hasi zen zestan jokatzen 10 bat urte zituela, eta ibilbide oparoa eduki zuen.
AEBetan makina bat urte aritu zen, eta besteak beste, 1991an Munduko Txapelketa irabazi zuen Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian.
Gaur egun, zestak eta pilotak konpontzen eta zelan konpontzen diren irakasten aritzen da Jai Alain bertan, eta bertoko profesionalek zein eskolako umeek asko estimatzen dute.
Hala, Kaltzada egoitzaren aldeko jaialdian zesta munduko izen handien arteko bi partidu ikusteko aukera izan zuten frontoian batutakoek. AEBetara bueltatu aurretik, etxekoen babesa sentitu zuten beste behin.
Etxekoen garaipena
Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrek Alex Hormaetxea bermeotarraren eta Gotzon Enbil zumaiarraren kontra jokatu zuten. Lehenengo set-ean 15-10 nagusitu ziren etxekoak, eta gutxigatik galdu zuten bigarrena (14-15). Berdinketa apurtzeko set-a, berriz, 5-4 irabazi zuten gernikarrek.
Gaueko beste partiduan, Diego Beaskoetxea gernikarraren eta Ibon Aldazabal berriatuarraren eta Mikel Egiguren donostiarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren arteko lehiaz gozatu zuten zaleek. Azken horiek irabazi zituzten bi set-ak (15-7 eta 15-6).
The Flipping karlomagnos eta DJ Wichitaren eskutik, kirola eta musika uztartu zituzten Kaltzada egoitzaren aldeko zesta jaialdian.