Gaurko Joxe Arregiren hitzaldiagaz agurtuko du uda Lur Gozok
2017ko urtea «oso berezia» da Lur Gozo Kontsumo Ekologiaren aldeko Urdaibaiko elkartearentzat; izan ere, hamar urte bete ditu sortu zenetik. Hori dela eta, ekintzaz beteriko egitaraua eskaintzen ari da aurton. Gaurko, esaterako, hitzaldi bat antolatu...
Joxe Arregi Olaizolak emango du hitzaldia. Parisko Institutu Katolikoan Teologian doktoratu zen 1952. urtean jaiotako azpeitiarra. Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, eta baita idazlea ere. Gaur, beraz, Gernika-Lumoko Elai Alai areto txikian egongo da gipuzkoarra, bertaratutakoei hitzaldi-solasaldia eskaintzekotan. Elkarteak azaldu duenez, Gaur egun, zer ikas dezakegu Asisko San Frantziskoren pentsamendutik? izenburupean emango du berbaldia, 19:00etan hasita. 45 bat minutuko iraupena izango du hitzaldiak, eta bukatutakoan, solasaldirako tartea irekiko dute.
Udazkenerako egitaraua
Udazkenerako ere, hainbat jarduera prest dituela azaldu du Lur Gozok. Hitzaldi-solasaldiak, produktuen aurkezpena zein liburu aurkezpena egiteko asmoa dauka elkarteak urria eta azaro bitartean. Oraindik datak zehaztu barik dituzten arren, irtenbide alternatiboei edo osagarriei egingo diete leku beraien egitarauan. Hala, gorputza, burua, medikuntza tradizional txinatarra, makrobiotika, medikuntza integratzailea, ernamuin terapia eta ur mineral egituratua landuko dituzte.