Bermeoko uretan jokatzen den estropada «berezia» izaten dela dio Bermeo Urdaibai Arraun Elkarteko presidente Agustin Aranburuk, «Kontxako banderaren ostekoa da,
play off-ak jokatzen dira, eta Eusko Label ligaren azken-aurreko estropada da». Liga, gainera, oraindik ez dago erabakita, horregatik, Aranbururen arabera, «emozioz» betetako estropada izango da zapatuan lehiatuko den Bermeo Hiriko 35. bandera.
Gaur gaurkoz,
178 puntu dauzka Urdaibaik, eta
hiru puntu gutxiago dauzka Hondarribiak. Bermeoko estropada erabakigarria izan daitekeen arren, TKE ligaren
amaiera Portugaleten izango da, domekan.
Beste behin ere, Arrantzaleen Museoa aukeratu dute Bermeo Hiriko bandera aurkezteko, eta gaur goizean eman dituzte lehiaren nondik norakoak.
Bost ontziren artean. 18:00etan hasita, lehenik eta behin, igoera eta jaitsierako
play off fasearen lehenengo jardunaldia egongo da jokoan.
Bost ontzi lehiatuko dira: S.D.Samertolameu, C.R Puebla, Donostiarra, Santurtzi eta Ares.
Erlojupeko proba izango da, eta 5.556 metroko ibilbidea egin beharko dute. Traineruek
bigarren kalea erabili beharko dute, hau da, kale gorria, eta lau luze eta hiru ziaboga izango ditu probak. Traineruak minutu bateko aldeagaz aterako dira.
Play off-aren
ostean, Zierbena, San Juan, Tiran eta Ondarroako arraunlarien txanda izango da, betiko eran: Lau kale, hiru ziaboga eta lau luze. Azkenik,
hirugarren txandan, Eusko Label Ligako sailkapen nagusian sailkatutako lau ontziak ariko dira arraunean:
Urdaibai, Hondarribia, Orio eta Kaiku.
Traineruek portuko
Olatua eskulturaren ondoko maldaxkatik sartu beharko dute uretara, eta azken urteetan egin den modura, irabazleek uretan jasoko dute bandera.
Iragarpenen arabera, olatuak egon daitezke; beraz, estropada «ikusgarria» izan daitekeela azaldu dute.
Festa giroan. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek ere parte hartu du gaurko aurkezpenean. Gogorarazi duenez, Santa Eufemia eguna ospatuko da Bermeon zapatuan, herriko jaietako egun handienetako bat. Hortaz, goiz-goizetik giro «ezin hobea» espero dela esan du, «traineruekin batera jende asko ere etortzen delako». Horiek guztiak gonbidatu ditu, gainera, bermeotarrekin batera festa giroan murgiltzera.
Bermeoko herriarentzat, gainera, «lehen mailako» kirol ikuskizuna den Bermeo Hiria bandera estropada hartzea «ohore bat» dela esan du Bidegurenek.
Bestalde, ligan parte hartzen duten talde guztiak zoriontzeko tartea ere hartu du, eta aipamen berezia egin dio Urdaibairi, «urte guztian egindako lan onagatik eta esfortzuagatik». Dioenez, «eredugarriak» dira Bermeoko herriarentzat.