Estropada gogorra bezain ikusgarria
24 segundo pasatxoko aldea atera dio Oriok Urdaibairi Kontxako 2. jardunaldian. Taldearen indarra eta urte osoko lana eskertzeko harrera egin diete bermeotarrek LameranEstropada zirraragarria lehiatu zuten domekan, Kontxan. Itsaso txarrak erabat baldin...
24 segundo pasatxoko aldea atera dio Oriok Urdaibairi Kontxako 2. jardunaldian. Taldearen indarra eta urte osoko lana eskertzeko harrera egin diete bermeotarrek Lameran
Estropada zirraragarria lehiatu zuten domekan, Kontxan. Itsaso txarrak erabat baldintzatu zuen Kontxako 122. Banderaren bigarren jardunaldia. Goizean estropada lehiatu ala ez zalantzan egon ziren, eta entrenamenduetan susto bat edo beste ere izan zuten, baina azkenean aurrera egitea erabaki zuten.Olatutzar artean boga egitea baino surfean egitea tokatu zitzaien arraunlariei. Zenbait unetan traineruek hegan egiten zutela zirudien.
Ohorezko txandako azken minutu eta erdian erabaki zen aurtengo bandera. Oriok harrapatutako pare bat olaturi esker, klubaren historiako 32. Kontxako bandera eskuratu zuten.
Ziabogan segundo eskaseko aldea izan zuten; 12:24.98 markatu zuten oriotarrek (lehen txandan San Juan izan zen azkarrena: 14:04.85), eta segundo bat eta bederatzi ehunenera pasatu ziren Bou Bizkaia-ko mutilak. Handik aurrera, hiru edo bost segundoko aldea izan zuten zenbait momentutan, baina azken txanpan 20 bat segundoko aldea egon zen bien artean.
Beste behin emozioz betetakoak izan ziren azken segundoak. Amaieran, 21:39.72 markatu zuen Oriok, eta Bermeo-Urdaibai 24 segundo eta 28 ehunenera sartu zen. Biek ala biek estropada ederra egin zuten.
Aipatzekoa da, halaber, lehenengo biek txandako beste biei ateratako aldea. Hain zuzen, Kaikuk irabazlearengandik minutu 1, 6 segundo eta 90 ehunenera amaitu zuen estropada, eta Hondarribiak, berriz, minutu 1, 20 segundo eta 6 ehunenera.
Estropada bukatu ostean, Joseba Fernandez Urdaibaiko entrenatzaileak onartu zuen oraindik ere «harrituta» zegoela, azken momentura arte estropada kontrolpean zutela iruditu zitzaiolako: «Kontrolpean esatea pixka bat astakeria da, baina minutu eta erdian joan da dena. Oriok benetan ondo aprobetxatu du pare bat olatu hartzeko aukera, eta izugarrizko mina egin du olatu horiekin, segundo pila bat lortzen oso tarte txikian. Ordura arte gure lana ondo eginda zegoen, baina hor ezin erantzunik eman. Oriok merezimendu osoz eraman du bandera».
Lehia amaitu berri, «lur jota» zeudela aitortu zuen pasaitarrak.
San Juanen laugarrena
Emakumeen Kontxako X. Bandera sanjuandarrek irabazi zuten. 13:29.30 denboragaz nagusitu zen talde pasaitarra, Hibaika bigarrenari 17 segundo eta 54 ehuneneko aldea aterata. Mecos galiziarra sailkatu zen hirugarren, eta Arraun Lagunak Donostia izan zen laugarrena.
Harrera Bermeon
Donostiatik etxera bueltatu, eta gauean, urte guztian egindako lana eta orain arte erakutsitako indarra eskertzeko harrera egin zieten Urdaibaiko arraunlariei Bermeon.
Lamera jendez bete zen buru makur zetozen arraunlariei harrera egiteko, eta herritarren txalo zaparrada jaso zuen Bermeoko taldeak.
Asteburuan, gainera, Eusko Label liga amaituko da, eta, zapatu arratsaldean, Bermeoko estropada lehiatuko dute. Hala, asteburuari begira behar dituzten indarrak eta animoak eman zizkieten Lamerara bertaratu ziren herritarrek.
Kontxako bandera ez zen Bermeora etorri, baina herria arraunlariekin eta erakutsitako «lan izugarriagaz pozik eta harro» dagoela esan zuen harrera ekitaldian Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.
Hala, Bidegurenek Urdaibai Arraun Taldeko zuzendaritza taldeari eta talde teknikoari eskerrak eman zizkien «egindako lanagatik»; era berean, zaleen laguntza eta babesa ere eskertu gura izan zituen.
Joseba Fernandez entrenatzaileari zaila egin zitzaion berbak bilatzea. Hala ere, Bermeoren izena hara eta hona eroateak «merezi» duela esan zuen: «Kantauri itsasoko kaiak bermeotarren arrantzale kolorez jantzita ikustea ederra da».
Modu horretan, Bermeoko zaleek porturik portu eramaten duten irudia nabarmendu nahi izan zuen pasaitarrak. Kontxako bandera ekarri ez badute ere, astebete gehiago lanean «gogor» jarraituko dutela esan zuen, Bermeoko zapatuko estropada irabazteko, bai eta ligako txapeldun izateko ere.
Lamerako agertokian arraunlari askok hartu zuten mikrofonoa zaleen babesa eskertzeko. Besteren artean, Eneko Van Horenbeke izan zen mikrofonoa hartu zuen arraunlarietako bat, eta arraunean egingo duen azken urtea dela aurreratu zuen. «Ez dut utziko beste talde batera joateko, Bermeon baino hobeto ezin daitekeelako egon, eta leku guztietan esan dut hori. Adinak, baina, hori eskatzen du, eta nire etorkizunari eta lanari begira jarri behar naiz», azaldu zuen getxoztarrak.