Emozioz beteta eta giro ezin hobean ospatu dute ondarrutarrek Txapel Eguna

Zubi Zahar herri ikastola omendu dute, aurten 50. urteurrena betetzen duela eta. Egun guztiko jai giroa egon da Alamedan. Herri bazkariak eta txapel jaurtiketak jende asko batu duteEmozioz betetako IV. Txapel Eguna ospatu zuten zapatuan, Ondarroan. Egu...

Zubi Zahar herri ikastola omendu dute, aurten 50. urteurrena betetzen duela eta. Egun guztiko jai giroa egon da Alamedan. Herri bazkariak eta txapel jaurtiketak jende asko batu dute

Emozioz betetako IV. Txapel Eguna ospatu zuten zapatuan, Ondarroan. Egun guztian euria egin bazuen ere, jende ugari batu zen Alamedan egin zen eta ohikoa bihurtzen ari den festara.

Zubi Zaharretik botatako irrintzi eta adar hotsagaz, ongietorria eman zioten txapelari eguerdian. Txapela eramatearen ardura Zubi Zahar ikastolak eduki zuen, aurten 50. urteurrena ospatzen duela eta. Musika bandak eta zanpantzarrek lagunduta etorri ziren Antzosolotik, ikastolaren lehenengo eraikinetik. Hasiera ekitaldian ere bere zatitxoa eduki zuen ikastolak, eta bertsolariekin batera momentu hunkigarriak bizi izan ziren, sortu zenetik gaur egunera arteko historia errepasatu baitzuten.

Ostean, jende ugari batu zen herri bazkarira, Alamedan jarritako karparen azpian; ez zen girorik falta izan. Arratsaldean, txapel jaurtiketa lehiaketak egin zituzten. Haurren mailan, Ernai Badiola izan zen irabazlea, eta Aitor Zubikarai, nagusietan. Jon Andoni Aristiren aurka lehiatu zuen Zubikaraik finala bigarren sailkatua. Iker Badiolarentzat izan zen hirugarren postua.

Iluntzean, Gaitzerdi erromeria taldeak girotu zuen karpa, eta azkenik, Dzaust! talde markina-xemeindarra igo zen oholtzara, jaiari amaiera emateko. Antolatzaileak pozik geratu dira jendearen erantzunagaz.