Urte guztian egindako lana, eta orain arte erakutsitako indarra eskertzeko harrera egin zien Urdaibaiko arraunlariei, atzo gauean. Lamera jendez bete zen buru makur zetozen arraunlariei harrera egiteko, eta herritarren txalo zaparrada jaso zuen Bermeoko taldeak.
Lamera jendez bete zen
Datorren asteburuan, gainera, liga amaitzen da, eta, zapatuan, Bermeoko estropada lehiatuko dute. Hala, datorren asteburuari begira behar dituzten indarrak eta animoak eman zizkieten Lamerara hurbildu ziren herritar guztiek.
Atzokoan, Kontxako bandera ez zen Bermeora etorri, baina herria arraunlariekin eta erakutsitako “lan izugarriarekin pozik eta harro” dagoela esan zuen harrera ekitaldian Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Hala, Bidegurenek Urdaibai Arraun Taldeko zuzendaritza taldeari eta talde teknikoari eskerrak eman zizkieten “egindako lanagatik”; era berean, zaleen laguntza eta babesa ere eskertu zuen.
Joseba Fernandez entrenatzaileari zaila egin zitzaion berbak bilatzea, hala ere, Bermeoren izena hara eta hona eroateak “merezi” duela esan zuen: “Kantauri itsasoko kaiak bermeotarren arrantzale kolorez jantzita ikustea ederra da”. Modu horretan, Bermeoko zaleek porturik portu ematen duten irudia nabarmendu zuen. Kontxako bandera ekarri ez badute ere, astebete gehiago lanean “gogor” jarraituko dutela esan zuen, Bermeoko zapatuko estropada irabazteko, bai eta ligako txapeldun izateko ere.
Arraunlari askok hartu zuten mikrofonoa zaleen babesa eskertzeko. Eneko Van Horenbeke izan zen mikrofonoa hartu zuen arraunlarietako bat, eta arraunean egingo duen azken urtea dela aurreratu zuen. “Ez dut utziko beste talde batera joateko, Bermeon baino hobeto ezin daitekeelako egon, eta leku guztietan esan dut hori. Adinak, baina, hori eskatzen du, eta nire etorkizunari eta lanari begira jarri behar naiz”, esan zuen.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.