Estropada zirraragarria lehiatu zuten atzo Kontxan. Itsaso txarrak erabat baldintzatu zuen Kontxako 122. Banderaren bigarren jardunaldia. Goizean estropada lehiatu ala ez duda egon zen, eta entrenamenduetan susto bat edo beste ere izan zuten, baina azkenean aurrera egitea erabaki zuten.
Olatutzar artean bogan baino surfean egitea tokatu zitzaien arraunlariei. Zenbait unetan traineruek egan egiten zutela zirudien.
Ohorezko txandako azken
minutu eta erdian erabaki zen aurtengo bandera. Oriok harrapatutako pare bat olaturi esker, klubaren historiako
32. Kontxako bandera eskuratu zuten.
Ziabogan segundu eskaseko aldea izan zuten; 12:24.98 markatu zuten oriotarrek (lehen txandan San Juan izan zen azkarrena: 14:04.85), eta segundo bat eta bederatzi ehunenera pasatu ziren
Bou Bizkaiako mutilak. Handik aurrera, hiru edo bost segundoko aldea izan zuten zenbait momentutan, baina azken txanpan hogei bat segundoko aldea egon zen bien artean.
Beste behin emozioz beterikoak izan ziren azken segundoak. Amaieran, 21:39.72 markatu zuen Oriok, eta Bermeo-Urdaibai
24 segundo eta 28 ehunenera helmugaratu zen. Biek ala biek estropada ederra burutu zuten.
Arraunlariak eta zaleak estropada hasi aurretik.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Aipatzekoa da, halaber, lehenengo biek txandako beste biei ateratako aldea. Hain zuzen,
Kaikuk irabazlearengandik minutu bat, sei segundo eta 90 ehunenera amaitu zuen estropada, eta
Hondarribiak, berriz, minutu bat, 20 segundo eta sei ehunenera bukatu zuen.
Estropada bukatu ostean,
Joseba Fernandez Urdaibaiko entrenatzaileak onartu zuen oraindik ere “harrituta” zegoela, azken momentura arte estropada kontrolpean zutela iruditu zitzaiolako: “Kontrolpean esatea pixka bat astakeria da, baina minutu eta erdian joan da dena. Oriok benetan ondo aprobetxatu du pare bat olatu hartzeko aukera, eta izugarrizko mina egin du olatu horiekin, segundo pila bat lortzen oso tarte txikian. Ordurarte gure lana ondo eginda zegoen, baina hor ezin erantzunik eman. Oriok merezimendu osoz eraman du bandera”. Lehia amaitu berri, “lur jota” zeudela aitortu zuen pasaitarrak.
Nesketan, San Juanen laugarrena
Emakumeen Kontxako X. Bandera sanjuandarrek irabazi zuten. 13:29.30 denboragaz nagusitu zen talde pasaitarra, Hibaika bigarrenari hamazazpi segundo eta 54 ehuneneko aldea aterata.
Mecos galiziarra sailkatu zen hirugarren, eta Arraun Lagunak Donostia izan zen laugarrena.
Sanjuandarrak bandera astintzen.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
SAILKAPENAK:
- Orio 40:43.02
- Bermeo-Urdaibai 40:57.52 (+14.50)
- Kaiku 41:54.26 (+1:11.24)
- Hondarribia 41:57.58 (+1:14.56)
- San Juan 43:23.22 (+2:40.20)
- Zierbena 43:30.66 (+2:47.62)
- Donostiarra 43:32.54 (+2:49.52)
- Tiran 43:41.94 (+2:58.92)
- San Juan 24:07.98
- Hibaika 24:22.86 (+14.88)
- Mecos 25:18.58 (+1.10.60)
- Arraun Lagunak Donostia 25:19.68 (+1:11.70)
- Orio 25:49.42 (+1:41.44)
- Hernani 26:12.98 (+2:05.00)
- Donostiarra 26:38.26 (+2:30.28)
- Deusto 26:40.24 (+2:32.28)
2. JARDUNALDIKO SAILKAPENAK:
- Orio 21:39.72
- Bermeo-Urdaibai 22:04.00 (+24.28)
- Kaiku 22:46.62 (+1:06.90)
- Hondarribia 22:59.78 (+1:20.06)
- San Juan 23:51.82 (+2:12.10)
- Donostiarra 24:00.06 (+2:20.34)
- Zierbena 24:08.86 (+2:29.14)
- Tiran 24:18.00 (+2:38.28)
- San Juan 13:29.30
- Hibaika 13:46.84 (+17.54)
- Mecos 14:20.88 (+51.58)
- Arraun Lagunak Donostia 14:23.68 (+54.38)
- Hernani 14:58.64 (+1:29.34)
- Orio 15:02.82 (+1:33.52)
- Donostiarra 15:31.88 (+2:02:58)
- Deusto 15:37.98 (+2:08.68)
ALBISTE HONEKIN LOTUTA:
Lamera jendez bete da Urdaibaiko arraunlariei lana eskertzeko