Bermeon ez ezik,
Nabarnizen eta
Muruetan ere,
herriko jai nagusiak ospatu dituzte egunotan. Baina ez dira andramarietan murgildu diren bakarrak izan;
Kanala auzoan eta Muxikako
Gorozika auzoan ere festa giroa nagusitu baita Andra Mari jaiak ospatzeko. Gorozikan eta Nabarnizen, esaterako, eguenean eman zieten hasiera jaiari, eta egun bat beranduago egin zuten Kanalakoek eta Muruetakoek.
Bateko zein besteko jaietan, kirolerako, kanturako, dantzarako, lehiarako, jan-edanerako, jolaserako… tartea egon da. Ohiko hamaiketako, bolo, bingo eta errifa herrikoiek ez zuten hutsik egin
Muruetan, barikuan.
Jaien
lehen egun horretan, gainera,
kale jokoak, margo lehiaketa, paleta zein mus txapelketak eta txitxiburduntzia ere izan zituzten aukeran.
Gaua musikaz jantzi zuten The Muters, Detractors eta Belatz taldeek.
Jai giroak jarraitu egin zuen
zapatuan, Muruetan.
Paella txapelketa egiteko elkartu ziren herritarrak, eta bitartean, trontzalarien saioa eta tanborrada egin zituzten.
Goitibeherak berriro. Arratsaldean, azkenaldian galduta izan duten
goitibehera jaitsiera berreskuratu zuten. Euskal Ligarako puntuagarria izan zen, eta hainbat lagunek parte hartu zuten, euri zaparraden artean burutu zuten proban. Busturialdeko T
rokan Behera taldekoek hiru podium lortu zituten. Neumatiketan, bigarren postua eskuratu zuen Zumalakarregi-Ajuriagoikoa bikoteak. Taldeak azaldu duenez, “puntu oso baliogarriak bigarren aldiz Euskal Herriko Txapelketa irabazteko”. Drift Triketean, Ibai Urrutiak bigarren postua lortu zuen, golpe bat tarteko. Eta errodamentuetan taldeko kide Julen Karrionek eta Aritz Gorriñok lortu zuten garaipena. Iluntzeko briska txapelketagaz eta gaueko disko jaiagaz bukatu zuten eguna, Muruetan. Domekan, azkenik, Urdaibai dantza taldearen saioa, bertsolarien saioa, bonboi tailerra, pilo partiduak eta txokolate jana izan zituzten.
Nabarnizen, lau egunetan
Nabarnizen ere, festa giroan igaro dituzte andramariak. Lau egunetan,
festa giroa nabaritu da Busturialdeko herri horretan. Egueneko txupinaren ostean, makailaoa jateko batu ziren herritarrak, trikitixaren doinuez girotuta. Barikuan, berriz, hamaiketako herrikoia izan zuten herriko hiru tabernetan, eta arratsaldera arte giro horretan igaro zuten eguna. Gero, mus eta briska txapelketak jokatu eta triki poteoa egin zuten gauean.
Zapaturako indarrak gorde zituzten, eguerdian
herri bazkarian biltzeko ordua jarraia baitzeukaten. Arratsaldea Aitor Lesaga soinujolearen doinuekin eta jolas parkean igaro zuten. Iluntzean, aldiz, K-TUM-K batukada taldearen musika tresnen hotsek alaitu zuten herria. Eta morokila jateko tartea hartu ostean, kantuan eta dantzan jarraitu zuten EinGo taldeagaz. Domekan esan zieten agur jaiei, mezagaz, Kabelinatxe dantza taldearen saioagaz eta esku pilota partiduekin.
Auzoetan ere, jai
Gorozikan, bestalde, egueneko txupin jaurtiketaren ostean, pintxo-poteagaz girotu zuten auzoa, eta hurrengo egunean, meza, hamaiketakoa, triki poteoa,
Errautzetatik Erne antzezlana eta EinGo taldearen kontzertua izan ziren aukeran.
Zapatuan,
goizetik goizaldera arteko egitaraua prestatu zuten: hala, mezagaz hasitako eguna txokolate janagaz bukatu zuten, eta bitartean, tortilla txapelketan parte hartzeko, herritarren konpainian hamaiketakoa zein afaria jateki, musika entzun eta dantzatzeko, kantzontzilo eta kulero lasterketan ondo pasatzeko… aprobetxatu zuten.
Domekan agurtu zituzten jaiak azken trakagaz. Horren aurretik, baina, mezara joan, triki poteoa egin, briska txapelketan parte hartu eta txokolatea jan zuten.
Gogoz hartu zituzten andramariak
Kanalan ere. Ume, gazte zein helduentzako egitarauagaz gozatu ahal izan zuten, eguraldiari aurre eginez.
Barikuan, herri bazkarian bildu ziren auzotarrak eta zinta lasterketa eta umeen jolasak egin zituzten ondoren. Pala txapelketako finala ere lehiatu zuten, eta iluntzean, Artiako abesbatzaren soinuez jantzu zuten auzoa. Musikak hartu zuen gaua, eta luntxaren ostean, DJ Manik jarritako abestiekin dantzatu zuten.
Zapatuan, kolore biziz jantzi zuten auzoa, nork bere
mozorroagaz ekarpena eginez.
Desfilea ere egin zuten, eta Aldapa kale antzerkiagaz gozatzeko aukera ere izan zuten.
Karaokean ere jardun ziren, eta goizaldean sokatiran aritzeko eta txokolatea jateko tartea atera zuten.
Jaien azken egunean,
domekan, paella eta tortilla txapelketetan zein marrazki lehiaketan parte hartu zuten auzotarrek, eta, horrez gain, Kanalako dantza taldearen saioagaz eta umeen pala txapelketako finalagaz gozatzeko aukera izan zuten. Iluntzerako, esku pilota partiduak izan zituzten.